Pello eta Nikolasa taldeak eta Orioko Udalak irakurketa bera egin zuten orain zenbait hilabete: "Erraldoi konpartsa eta taldeen dinamika ezagutu nahi genuen, guk egiten dugunari balioa emateko eta erraldoiak eramatea ez dadin izan betebehar hutsa, marroi bat". Iaz Jorge Oteiza erraldoia ekarri zuten Nafarroatik. "Kanpora begira Jorge omendu genuen, baina helburua zen elkarrekin egotea eta ikustea talde horiek nola funtzionatzen duten", azaldu du Jon Agirresarobe Torrotxo Kultura teknikariak. "Batez ere ikusi nahi genuen 50 urteko gizon edo emakume batek ilusioa nola izan dezakeen horrelako talde batean egoteko; ez dela konpromisozko zerbait, umeak txikiak diren bitartean egiten den zerbait".
Orain, San Pedro jaietara Kataluniako Vilafranca del Penedes herriko bi talde gonbidatu dituzte. "Beste salto bat da", adierazi du Agirresarobek: "Katalunia erreferentzia da honetan. Lehendik bagenuen harremana Vilafranca del Penedes herrikoekin, eta hango bi talde ekarriko ditugu. Helburua da ikustea nola erraldoi talde bat edo figura talde bat oso prestigiotsua izan daitekeen".
Gizon-emakumez osatutako taldeak dira Aliga (arranoa) eta Drac (dragoia) taldeak, eta Pello eta Nikolasa bezala, txistuz lagunduta joaten dira, nahiz eta bi figurak horizontalak izan bertikalak izan beharrean. Dragoiak, gainera, piroteknia du; "elementu berria da hori Orion, ez gaude ohituta". Dragoiagatik aldatu dute kalejiraren ohiko ibilbidea, eta ibilbide berriak nahita erakutsi dituzte jaietako programan ere. "Jendeari esan nahi diogu lasai egoteko, ikuskizun segurua baita eta jendea egongo baita dena zaintzen", azaldu du. Bestalde, zarata jasateko arazoak dituztenei kaskoak erabiltzea aholkatu die; "Vilafrancan-eta oso ohikoa da ikusleak kaskoekin ikustea".
Arnau Cobo: "Txikitatik sustatzen da afizioa gure herrian"
Guztira 35 gizon-emakume etorriko dira Oriora, eta Aldapen hartuko dute ostatu. Arratsaldeetan, ordea, Pello eta Nikolasa taldekoekin ibiliko dira, harremanak sakontzeko eta elkarrengandik ikasteko. Vilafrancatik etorriko denetako bat da Arnau Cobo. Aliga dantza taldeko kidea da, eta telefonoz kontatu dio Gukari nola bizi duten beren herrian figura eta dantza horiei lotuta tradizioa, baita zer iruditu zaien ere oriotarren proposamena: "Oriora joateko gogotsu gaude, Jonek [Agirresarobe] esan zigulako zein zen helburua, eta nahi dugulako lagundu ahal dugun heinean eta transmititu nola bizi eta sentitzen ditugun tradizio hauek. Oriotarrei balio badie gauzak hobetzeko, aldatzeko, edo jende gehiago animatu dadin halakoetan parte hartzera, ba gu pozarren".
"Gure herrian [Vilafranca del Penedes] hogei talde baino gehiago daude, eta batzuk benetan aspaldikoak dira. Aliga figura, esaterako, gutxienez 1600 ingurukoa da", azaldu du. Beraiek erabiltzen duten figura erreplika da, baina horrek ere ia ehun urte ditu. Konparazio bat egiteko: Pello eta Nikolasa 2012an sortutakoak dira.
Cobok azaldu du hamalau kidek osatzen dutela taldea, kopuru hori egokia dela, "piezak 105 kilo pisatzen dituelako", eta horregatik kalejiretan txandakatuz joan behar izaten dutelako. Taldea eraberrituz joaten direla kontatu du kataluniarrak; izan ere, itxaron zerrenda egoten da talde horietan sartzeko. "Normalena da hiru eta zazpi urte artean egotea pertsona bakoitza taldean, eta urtero bizpahiru ateratzen dira taldetik, eta beste horrenbeste sartu". Taldeetan sartzeko deialdi irekia egiten da, "eta guztietan gelditzen da jendea kanpoan". Aligan, esaterako, aurten lau kide behar zituzten, eta hamahiruk eman zuten izena. "Dantza guzti-guztiekin gertatzen da gauza bera", gaineratu du.
Afizio handia dago herrian, eta egun bereziak izaten dituzte uda amaieran: "Herriko festa nagusian herritarrak giza dorreak ikusteko irrikaz egoten dira, baina baita figuren dantzak ikusteko ere, urtean hiru egun horietan bakarrik ateratzen direlako dantza guztiak batera Vilafrancan. Azken egunean, irailaren 1ean, figura guztien erreplika txikiak ateratzen dira umeen proba ditzaten, eta sekulako arrakasta izaten dute". Coboren ustez, horrek ere laguntzen du gerora ume horiek heldu bihurtzean taldeetan sartu nahi izatea, "txikitatik sustatzen delako afizioa".
Cobo duela hiru urte sartu zen Aliga taldean, eta bost urte egingo ditu guztira. Era berean, Vilafrancako casteller edo giza dorrean ere parte hartzen du –2018an Orion bederatzi solairuko giza dorrea egin zutenean, bertan zen Cobok ere–; "osagarriak dira dantzetako batean eta castells-etan aritzea", azaldu du. Bi dantza taldetan, ordea, ezin da aldi berean egon, "kalera batera ateratzen garelako".
Coboren ustez, oriotarrek pixkanaka afizioa sortzen joan behar dute Pello eta Nikolasaren inguruan, "hala gero eta jende gehiagok parte hartu nahiko duelako taldean".
XVII. mendeko figurak
1600 urte ingurukoak dira Drac eta Aliga figurak. Ondare inmaterial izendatuta daude, Generalitatearen inbentarioan jasota daude, eta hango administrazioaren baimena behar izan du Orioko Udalak figura horien erreplikak ekarri ahal izateko festetara.
Figura originalak hango museoan daude, eta urtean behin ateratzen dituzte kalera, San Felix egunez.