Orioko Udalaren eskariz Ibon Gaztañazpi kazetariak zuzendutako eta Nagore Urdapilleta arraunlariak aurkeztutako Errio dokumentala berriz ere herrian ikusteko aukera egongo da, Gabonen bueltan bi emanaldi berri eskainiko baititu udalak, gaztelerazko azpidatziekin.
Abenduaren 22an izango da hitzordua, igandearekin, Kultur Etxean, eta bi emanaldi izango dira arratsalde berean, bata bestearen jarraian. 18:00etan lehena, eta 19:30ean bigarrena.
Gonbidapenak bihar bertan jarriko dituzte eskuragai Turismo Bulegoan.
Errio dokumentala Orion aurkeztu zuten herritarren aurrean, irailaren 27an. Karela kiroldegia goraino bete zen, eta amaieran protagonistekin solasaldia izan zen. Aurreko astean, berriz, Durangoko Azokan erakutsi dute, eta abenduaren 22an bertan Aginagan ere emango dute.