Txalo artean estreinatu dute 'Errio' dokumentala

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 28a, 15:30

Atzo gauen eskaini zuten Ibon Gaztañazpik zuzendutako ikus-entzunezkoa Karela kiroldegian. Emanaldiarekin batera, ekoizpenean parte hartu dutenen solasaldiaz gozatzeko parada izan zuten bertaratu zirenek.

Atzo iluntzean estreinatu zuten kiroldegian Errio dokumentala, Orioko itsas ondareari balioa ematen dion ikus-entzunezkoa. Eraikina ia dena bete zen Ibon Gaztañazpik Orioko Udalaren enkarguz zuzendu duen lana bertatik bertara ikusteko. Herritarrekin batera, bertan izan ziren udal ordezkariak, Albaola Itsas Kultur Faktoriako arduradunak, Mutiozabal Txo ontziola proiektuko kideak, herriko eragile asko, dokumentalean parte hartu duten protagonistak -Xabier Alberdi, Xabier Etxeberria…- eta abar.

Eider Arrutik egin zituen aurkezpen lanak, eta Anuska Esnal alkateak dokumentala eman aurretik, hitza batzuk esan zituen. Errioak eta bertako izaerak duen gazi-gozoaz aritu zen modu poetikoan, eta bertaratutakoak ekoizpena "goxo-goxo" ikustera gonbidatu zituen. Emanaldiaren amaieran, txalo zaparrada galanta jaso zuen Errio lanak, mezua herritarrengana iritsi zen seinale.

Jarraian, filmaren inguruan aritu ziren solasean Ibon Gaztañapi zuzendaria, Nagore Urdapilleta dokumentaleko aurkezlea eta Xabier Alberdi historialaria. Kote Camacho ere igo zuten agertokira ilustrazioen inguruan azalpenak ematera, baita Beñat Gereka errealizadorea ere. Gaztañazpik esker bereziak eman zizkion Gerekari "arimaren zati bat" eskaini diolako proiektuari, eta getariarrak, bere aldetik, opari bat izan dela bertan parte hartzea azaldu zuen: "Bi herri haruntzagotik nator eta bihotza pixka bat horitu zait".

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide