"Dokumentalak piztu dezake jendearengan bere herriaz gehiago jakiteko nahia, hori da asmoa"

Onintza Lete Arrieta-Gorka Eizagirre 2024ko ira. 23a, 08:00

Errio izeneko dokumentala estreinatuko dute ostiral honetan Herriko Plazan, 22:00etan. Orioko itsas ondareari buruzko ikus-entzunezkoa Ibon Gaztañazpik zuzendu du, eta Nagore Urdapilleta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak egin ditu aurkezle lanak. Elkarrizketa honetan kontatu dituzte dokumentalaren nondik norakoak.

Errioan palada asko emandakoak dira bai Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarra, bai Nagore Urdapilleta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari bidaniarra. Azken hori Oria ibaiaren goialdean hasi zen arraunean, Tolosaldearekin, eta "pixkanaka-pixkanaka, behera etorri" da, Orioraino.

Egun gutxi barru, ostiral honetan, Oria ibaia ardatz duen Errio dokumentala aurkeztuko dute biek Herriko Plazan, jendaurrean. Gaztañazpik zuzendu du lana, eta Urdapilletak egin ditu aurkezle lanak, barratik hasi eta Mapilerainoko bidean hainbat herritar eta aditu elkarrizketatuz.

Orioko Udalak eskatutako eta finantzatutako lana izan da, eta Gaztañazpik azpimarratu du talde lanean aritu direla: "Aurrena Xabier Alberdi historialariarekin jarri nintzen harremanetan, lanak oinarri zientifikoa izan zezan. Gero Xabier Etxeberriari eskatu nion gidoia egiteko, gaia ikaragarri zabala delako. Eta Beñat Gerekak errealizatu du, zoragarri. Denek egin dute sekulako lana, batez ere Beñatek", esan du.

Arraunean urteetan ibilia zara zu, Ibon, eta zuk jarraitzen duzu oraindik, Nagore. Zenbat palada emandakoak ote zarete Orioko errioan, imajinatu ere egin gabe egun batean Errio izeneko dokumentala egingo zenutela?

Nagore Urdapilleta: Arraunean Tolosan hasi nintzen 13 urterekin, eta han goian, Orian, palada asko emandakoa naiz. Pixkanaka-pixkanaka behera etorri, eta azken urteetan, Orion bertan ere buelta asko eman ditut. Palada asko dira, bizipen asko, baina sekula ez nuen pentsatu horrelako proiektu batean ibiliko nintzenik.
Ibon Gaztañazpi: Nik, garai batean, paladak kontatu egiten nituen entrenamenduan. Ordu erdian 700dik gora ateratzen ziren. Hogei urte baino gehiago arraunean, astean bitan edo hirutan aterata, pentsa...

Zer da zuentzat errioa?

N. U. : Lasaitasuna ematen didan toki bat da, toki segurua. Uretara sartzen zaren unean, kanpoko gauza guztiak ahazten saiatzen zara, edo nahi gabe ahazten dituzu, errioaz eta arraunaz gozatzeko.
I. G. : Jaio ginenetik gure bizitzako eszenarioa izan da errioa. Niretzat errioa Orio da. Orio ez da errioa bakarrik, baina erriorik gabe ez daukagu irudikatzerik Orio. Oria ibaiaren itsas ondare hori arakatu nahi izan duzue.

Zer izan zen pizgarria zure buruan, Ibon?

I. G. : Orioko Udala bitan etorri zitzaidan, esanez errioaren inguruan biziberritze plan bat badugula eta errioaren inguruan ikus-entzunezko bat egin nahi luketela. Hasieran ezetz esan nien, baina hirugarrenean, lagun batzuek bultzatuta, baiezkoa eman nuen. Berehala pentsatu nuen hemen ur oso-oso sakonak zeudela, gai asko, eta historia handia, istorio askorekin. Beraz, puzzlea nondik osatu, nondik hasi? Erabat galduta egon nintzen hari mutur baten bila, eta aurrena Xabier Alberdi historialariarengana jo nuen; gero, segituan, Xabier Etxeberriarengana [idazlea].

Zer erabaki zenuten?

I. G.: Kostata, baina topatu genuen bide bat, oso sinplea: Orioko barratik hasi eta Mapilleraino egitea bidea, han eta hemen geldituz, lehen esandako istorio horietako bakarren batzuk hartuta, gure ustez oinarrizkoenak zirenak. Horiei tiraka ibili da Nagore.

Herritar anonimoen nahiz adituen ahotsak entzungo dira. Zer konta dezakezue?

I. G. : Oreka bilatu nahi izan dugu, istorio asko eta historia handia dagoelako. Historiaren pintzeladak honi buruz asko ikertu duten historialari eta arkeologoek eman dizkigute: Mutiozabalez, Altxerriko kobez, ontziolez, Orioko Goiko Kalez... Bestalde, istorioak herritarrenak dira, eta hor ere aukeratu beharra izan dugu zeinek zer kontatu: ikaragarri pilatu dugu, eta aukeraketan asko lagundu digute bi Xabierrek. Beharrezkoa da kanpotik zer ikusi den esatea, baina bertakoek ere zeresan handia dugu, noski.

Zer galdera planteatzen ditu dokumentalak, eta zer erantzun eskaintzen ditu?

N. U. : Nik uste dut erantzuten dituela, baina bere osotasunean. Herri bat zer da? Bada, herri baten barruan dauden kontzeptu edo osagai horiek guztiak biltzen saiatu gara. Modu batera, esango nuke naturako lau elementu nagusiak aipatzea bezala dela dokumentalak kontatzen diguna: herri baten osotasunean dauden lanak, pertsonak, testuingurua... biltzen saiatu gara.
I. G. : Horrez gain, nolabait ere abiapuntua da galdera bat: nola liteke halako erreka koskor batek –Sena, Rin, Guadalquivir edo Tamesis ibaiekin alderatuta behintzat– bere erriberetan horrenbeste eman izana? Niretzat, hori da txundigarriena.
N. U. : Bere txikitasunean, zeinen handia den. Orio definitzeko gakoak horiek direla uste dut.

Azken urteetan indarra hartzen ari direla dirudi itsas ondareari lotutako lan eta ikerketak: hor daude Albaola, Mutiozabal, 500. mundu biraren harira egindako ikerketak... Zer iruditzen zaizue zuei? Zer dago egiteko?

I. G. : Herriko moilan ez da baporerik ikusten. Duela hogei urte, dozena bat egongo ziren, eta berrogei urte atzera eginda, hogeitik gora bapore. Ez da ez sare bat ikusten, ez ala bat, ez inor arrantzan. Itsas mundu hori, hil ez bada, hiltzen ari da; eta osasuna baldin badugu, ezagutuko dugu Orio baporerik gabe eta arrantzalerik gabe. Bestalde, mutil koskorra nintzenean irakurri nion Pello Esnali esanez Orion bezala herri gutxitan ikusten zuela itsasoa eta baserri mundua hain uztartuta. Uste dut dokumentalean heltzen garen ondorioetako bat hori dela: itsasoa bai, errioa bai, baina elkar elikatzen diren bi erribera. Errioa zilbor heste bat da, itsasoa eta baserria, dena batzen dituena.

Pertsonalki, zer datuk, zer esaldik edo zer istoriok hunkitu zaituzte gehien?

N. U. : Gehiena Xanti Manterolak esan zigun esaldi bat iritsi zitzaidan: berak itsasoa asko errespetatu duela, baina itsasoak bera ere baietz. Uste dut hori dela bizitzak ematea daukan mezurik handienetakoa, eta ideia horixe azpimarratuko nuke dokumentaletik.
I. G. : Asko inpresionatu ninduen esan zigutenean duela 40.000 urte hemen jendea atzera eta aurrera zebilela, eta Europako animalien irudi zaharrenak Altxerrin bertan daudela. Eta horrek baino gehiago inpresionatu ninduen hori ez jakiteak. Hemen bizi, bizitza osoan eduki kuriositatea hemengo berri jakiteko, eta horretaz ideia zipitzik ez edukitzea. Zer erakutsi digute, edo zer ari gara erakusten? Nora begira ari gara? Goiko Kalera joan, eta Alberdik kontatzen dizkigunak bezala: XVI. mendeko Bizkaiko golkoko fatxada ilararik historikoena edo ondoen kontserbatutakoena omen da. Mendeetan zehar enpresaburu indartsuak egon ziren hementxe: mundu mailakoak.

Eta, noski, entzutea adin nagusikoak bertako euskaran, kantaera horrekin, guk jada egiten ez dugun musikarekin... Haiekin 40 minutuz aritu, eta nola ekarri hori hiruzpalau minutura? Gauza asko izan dira.

Ostiralean estreinatuko duzue herrian bertan. Ikusleak galderak erantzunda aterako dira, ala galdera gehiagorekin?

N. U. : Nik uste dut jendeak galdera asko erantzunda izango dituela sekula galdera bat eduki izan gabe, eta dokumentala ikusitakoan galdera gehiago sortuko zaizkiela edo gehiago jakin nahia izango dutela. Eta espero dut gehiago jakin nahi horretan galdera horiek erantzuten saiatuko direla.
I. G. : Ados nago. Uste dut galdera asko uzten dituela airean, eta dokumentalaren asmoa izan dela jendearengan lortzea gugan piztu duen kuriositate hori hauspotzea, gehiago jakiteko. Ea eragiten duen hori: jakitea, galdetzea, kontatzea gure seme-alabei nola zen gure txikitako Orio... Uste dut hori piztu dezakeela lan honek.

Gonbidapenak eskuragarri

Dokumentalaren estreinaldia ostiral honetan izango da, 22:00etan. Eguraldiak lagunduz gero, Herriko Plazan aurkeztuko dute, eta txarra eginez gero, berriz, saioa kiroldegian izango da.

"Ekitaldia egoki antolatu ahal izateko", udalak azaldu du "ezinbestekoa" izango dela gonbitak hartzea. Turismo bulegoan daude eskuragarri, baita online ere, galdetegi hau beteta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide