San Nikolas jaiak 2024

Haurrak eta gaztetxoak protagonista San Nikolas hirugarrenean

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 8a, 18:58

3x3 saskibaloi jaialdia izan da goiz osoan zehar kiroldegian, eta frontoian, berriz, Ekain pailazoaren emanaldia eta, ondoren, taloak jateko aukera egon da trikitilarien girotuta. Eguerdian, ekintza guztiak orduerdiz etenda egon dira atzoko erasoa salatzeko elkarretaratzea zela eta.

Lau egunetako festaren ondoren, oriotarrak hasi dira sanikolasak agurtzen hurrengo urtera arte. Aurrez, ordea, San Nikolas hirugarrenaz gozatzeko aukera izan dute gaur egun osoan zehar, eta batez ere haurrak eta gaztetxoak izan dira protagonistak. Batetik, goiz osoan zehar kiroldegian 3x3 saskibaloi jaialdia izan da Orioko Herri Ikastolak antolatuta, eta bestetik, frontoian Ekain pailazoak ikuskizun alaia eskaini du, eta ondoren taloez gozatzeko aukera egon da Zaragueta Herri Eskolaren eskutik. Ilara luzea sortu da sabela betetzeko irrikaz. Herriko trikitilariak arduratu dira, berriz, giroa alaitzeaz.

Aurrez, 12:00etatik 12:30era, ekintza guztiak etenda egon dira, atzoko erasoa salatzeko elkarretaratzea egon baita frontoian. Babes zabala jaso du Orioko Mugimenduak egindako deialdiak.

200 jokalari saskibaloian

Aurten ere haur eta gaztetxo mordoa animatu da taldetxoak osatu eta saskibaloian jokatuz goiz dibertigarria pasatzera. LH3tik DBH4ra arteko 47 talde, hau da, 200 neska-mutil elkartu dira, gehienak oriotarrak eta zarauztarrak, eta den-denak opari berarekin etxeratu dira: txapelketako elastikoa, freskagarria (Zipr-en eskutik), Txuri-Urdinen patinatzeko sarrera bat, eta Donostia Gipuzkoa Basketen saskibaloi partida bat ikusteko sarrera.

Partaideek, ohi bezala, janaria eraman diete antolatzaileei, horiek gero herriko Caritasi emateko. Janari asko bildu dutela azaldu dute. Bestalde, itsulapikoa ere egon da, Iparraldeko Arberoa ikastolari laguntzeko –orain gutxi erre egin da–.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide