Herriko bi ikastetxeek ekintza politak prestatu dituzte umeentzat nahiz helduentzat gaur goiz-eguerdi partean. Berez Herriko Plazan ziren hitzorduak, baina eguraldi txarra tarteko, frontoian egin dituzte ekintza guztiak. Batetik, Zaragueta Herri Eskolak herri kirol jokoak eskaini dizkie ume eta gaztetxoei: lokotx biltzea, harri jasotzea, txingak, ingudea... Jokoetako batzuetan, gainera, gurasoak ere aritu dira umeekin batera.
Aldi berean, Orioko Herri Ikastolako ikasleek patata tortilla pintxoak eta txotxeko sagardoa eskaini dituzte, eta adin desberdinetako herritar dezente elkartu da.
Giro bikaina sortu da bi ikastetxeei esker, eta giro horrek jarraitu egin du eguerdian, Gipuzkoako Kintopeko Harri Jasotze Txapelketa bertan jokatu baitute 20 urtez azpiko lau harri jasotzaile gaztek. Maddi Gesalaga zarauztarra nagusitu da azkenean.
14:30etik aurrera, berriz, kiroldegian elkartu dira herritarrak, han egin baita urteroko herri bazkaria. Gainera, arratsaldeko erraldoien kalejira eta txarangaren emanaldia ere kiroldegian bertan izan dira.