San Nikolas bigarreneko eguraldi goibela ez da aitzakia izan eguerdi partean festez gozatzeko, eta gainera, lehia bizia eskaini dute pilotalekuan lau harri jasotzaile gaztek: Ostolazaren eskolako Olaia Esnaolak eta Udane Ostolazak, eta Izetaren eskolako Goizeder Abendibar eta Maddi Gesalagak.
Abendibar aurten hasi da harri jasotzen, eta bizkaitarra den arren, mallabiarra, Gipuzkoako txapelketan parte hartu ahal izan du Izetaren eskolan dabilelako.
Zaleez bete da pilotalekua 20 urtez azpikoen Gipuzkoako Kintopeko Harri Jasotze Txapelketa jarraitzeko, eta faborito nagusia gailendu da bertan: Gesalaga zarauztarra. Bera da Euskal Herriko txapelduna ere 20 urtez azpikoetan. Beste hiru aurkariek ez diete erraz jarri garaipena, ordea, batez ere Ostolazak, bi jasoaldiko aldearekin bakarrik gelditu baita oriotarra.
Hiru minutuko bi lan egin dituzte, aurrena 50 kiloko zilindroarekin, eta ondoren, 50 kiloko kubikoarekin.
Sailkapena
1. Maddi Gesalaga (16 urte, Zarautz): 73 jasoaldi (47 zilindrikoari eta 26 kubikoari).
2. Udane Ostolaza (19 urte, Orio): 71 jasoaldi (44 zilindrikoari eta 27 kubikoari).
3. Olaia Esnaola (17 urte, Azpeitia): 68 jasoaldi (42 zilindrikoari eta 26 kubikoari).
4. Goizeder Abendibar (16 urte, Mallabia, Bizkaia): 67 jasoaldi (41 zilindrikoari eta 26 kubikoari).