San Nikolas eguna ekitaldiz bete-bete dator beste urte batez, eta goiz-eguerdi partean herriko hainbat puntutan izan da zer ikusi eta zer egina. Muntoko zelaian VI. Kamel Ziani Krosa jokatu dute infantil, alebin eta benjamin neska-mutilek; parrokian meza nagusia izan da, Salatxo abesbatzakoen ahots ederrekin jantzita; Orioko Herri Ikastolan umeentzako eskulanak eta jokoak izan dituzte; eta Herriko Plazan, berriz, Dantzari Txikien Dantza Sueltoko Txapelketa.
Kalerik kale festa giroa jartzen, berriz, herriko txaranga ibili da eguerdi parte osoan. Hona arratsaldeko egitaraua (pilota jaialdia bertan behera gelditu da).
Dantzan, sei bikote
Harribilek antolatuta, 16 urtez azpiko dantzari txikien txapelketa egin dute gaur eguerdian plazan. Sei bikote aritu dira nor baino nor Arin-arina eta Fandangoa dantzatzen, gehienak Azpeitia aldetik etorriak. Irabazle, baina, zizurkildarrak suertatu dira: Nora Davila eta Julen Lertxundi.
Bigarren Lezoko Ixone Lorenzo eta Intza Erauskin izan dira. Eta, hirugarren, berriz, Laiene Ezama eta Julen Urrestilla azpeitiar eta zestoarrek egin dute.
Iosu Lizarralde eta Xabi Ibarguren zinegotzien eskutik jaso dituzte sariak eta oroigarriak sei dantzari gazteek.