Abenduak 5 ditu gaur, San Nikolas bezpera da, eta urtero bezala, Pello eta Nikolasaren kalejirarekin hasi dira jaiak, baina aurtengoan, berezia izan da berez ohikoa den ekintza hori, ondoren Orioko Erraldoien konpartsak berak bota baitu festei hasiera emateko txupinazoa udaletxeko balkoitik. Eguraldia lagun, jendetza elkartu da 20:00etan plazan San Nikolas jaiak abiatzeko, eta Anuska Esnal alkatearen agurraren ondoren, suziria jaurtitzearekin batera hasi dira Burrunba elketrotxarangakoak musika joz, eta balkoitik ederki erantzun diete konpartsakoek, berehala hasi baitira dantzan denak, baita udal ordezkariak ere. Zalantzarik gabe, azken urteetako txupinazo alaiena izan da gaurkoa.
Pozarren ziren konpartsakoak, eta gainera, arropak estreinatuta atera dira kalera, dotore: gerriko eta txapel horiak, eta jertse urdina. Taldearen logoa ere sortu die Popatik enpresak, Pello eta Nikolasa protagonista direla.
San Nikolas bezpera hau musikak jantzi du goitik behera: erraldoiei laguntzen txistulariak ibili dira aurrena kalez kale, ondoren Burrunba elektrotxarangakoak, eta iluntzetik gauerdia pasa arte, Bide Batez taldeak eskainiko du erromeria saioa.
DJen txanda etorriko da gero: 02:00etan Fisher ibiliko da musika jartzen plazan kokatuta dauden txosnetan, eta 03:30ean, berriz, Xanta.
Hemen ikus daiteke sanikolasetako egitaraua, osorik.