Orio herri musikazalea eta musikaria dela argi gelditu da aurten ere Santa Zezilia egunaren bueltan. Ostegunean hasita, hiru egunez herritarrekin batera ospatu dute beren eguna Danbolin musika eta dantza eskolako ikasle eta irakasleek aurrena, herriko txarangak gero, eta Salatxo abesbatzak, azkenik.
Danbolinekoek pilotalekuan eskaini zuten emanaldia, baina beste biak kalez kale ibili ziren beren doinuak lau haizetara zabaltzen, txarangakoak ostiral iluntzean, eta abesbatzakoak larunbat eguerdian. Azken horiek hainbat geldialdi egin zituzten, tartean Oteizaren Pietatea eskulturaren aurrean, eta baita Herriko Plazan ere.
(Salatxo abesbatzaren argazkiak: Joxemari Olasagasti eta Marisa Arruabarrena)