Danbolin musika eta dantza eskolako ikasleek eta irakasleek saio ederra eskaini zieten atzo arratsaldean herritarrei Santa Zezilia egunaren harira. Herriko Plazan egitekoa zen kontzertua pilotalekuaren babesera aldatu zuten, eta kanpoko giro makurraren aztarnarik ez zen nabaritu frontoian.
18:00 alderako, kalejiran iritsi ziren eskolako txistulariak eta trikitilariak, ordurako ikuslez beteta zegoen pilotalekura, eta segidan trikitixa eta pandero taldearen, soka taldearen eta bandaren emanaldiak hasi ziren. Dantzariek ere parte hartu zuten, eta konturatzerako amaitua zen emanaldia, eskainitako doinuek eta abestiek denbora azkar pasarazi baitzieten han bildutakoei. Izan ere, doinu lasaiak, alaiak zein erritmo bizikoak, hemengoak nahiz nazioartekoak... askotariko estiloez gozatzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek.
Gaur, Santa Zezilia egunez, jarraituko dute ospakizunek. 19:30ean hasita, herriko txaranga kalez kale ibiliko da, eta 20:00etatik aurrera, berriz, organo kontzertua eskainiko du parrokian Mikel Ansolak, Gipuzkoako XXXV. Organo Zikloaren barruan.
Azkenik, bihar Salatxo abesbatza aterako da kalera, kontzertu ibiltaria eskaintzeko 13:00etatik aurrera. Lau geldialdi iragarri dituzte: Kultur Etxearen aurrean hasiko dira, Pietatearen azpian izango dira gero, Aritzaga plazan hirugarrenik, eta Herriko Plazan, azkenik.