Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Aurten ere, indarkeria matxista jasan duten hainbat emakume artatu dituzte Orioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan: hamasei. Haien seme-alabak kontuan hartuta, guztira 38 pertsona. Iaz, epe berean, 32 kasu zenbatu zituzten –hori ere seme-alabak kontuan hartuta–.
Hamasei kasuetatik zazpitan salaketa jarri dutela esan diote Gizarte Zerbitzuek Gukari , eta urruntze aginduak ezarri dizkietela bi erasotzaileri. Hamasei emakume horiei beren kargu dauden 22 seme-alaba gehitu behar zaizkie; hala jaso ditu datuak Orioko Udalak. Indarkeria mota zehazterakoan, emakumeak eta haurrak hartu dituzte kontuan; hau da, 38 pertsona. Horietatik, 29k indarkeria psikologikoa jasan dute, seik indarkeria fisikoa, hiruk bortxaketa; eta neurri txikiagoan, bestelako indarkeria mota batzuk ere egon dira, tartean sexu organoen hiru mutilazio, horietako bat burutu ez zuten arren.
Artatutako emakume eta seme-alaba gehienak Espainiako Estatukoak dira, 38tik 25. Adinari dagokionez, 41-50 urte arteko emakumeak dira indarkeria jasan dutenetatik erdiak, hamaseitik zortzi. Biktimen eta erasotzaileen arteko harremanari dagokionez, kasu gehienetan bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira erasotzaileak, baina badaude ezagunak (bi kasu), ezezagunak (bi kasu) eta maitaleak ere (kasu bat) tartean.
Iaz antzeko kasu kopurua artatu zuten Orion; 32 guztira, biktimak eta haien seme-alabak kontuan hartuta. Indarkeria kasu guztien artean, baina, gertaera batek astindu zuen herria: Lourdes del Hoyo erail zuen haren bikotekide ohiak kale erdian, tiroz, iazko maiatzaren 16an.
Indarkeria matxista salatzeko, manifestazioa
Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Orion ere gaur iluntzean egingo dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harirako mobilizazioa, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelo hartuta.
Orioko Mugimendu Feministak antolatu du protesta, eta 19:00etan hasiko da, Herriko Plazan. Handik Arrantzale kaleko banku morera egingo dute ibilbidea, hain zuzen, Lourdes del Hoyo herritarra hil zuten tokira. 2023ko maiatzaren 16an hil zuen bikotekide ohiak, tiroz.