'Errio' dokumentala Durangoko Azokan proiektatuko dute

Julene Sorarrain 2024ko aza. 20a, 10:44

Irailean egindako 'Errio' dokumentalaren aurkezpen ekitaldia, Karela kiroldegian. (Arnaitz Rubio)

Bestalde, Orion beste bi emanaldi eskainiko dituzte abenduaren 22an.

Orioko Udalaren eskariz Ibon Gaztañazpi kazetariak zuzendutako eta Nagore Urdapilleta arraunlariak aurkeztutako Errio dokumentala emango dute Durangoko Azokan, abenduaren 5ean, irekiera egunean, 16:00etan. Irudienea euskarazko ikus-entzunezkoen gunean emango dute lana, Azokatik gertu dagoen Zugaza zineman.

Orioko Udalak jakitera eman duen moduan, bere helburua da "datozen bi urteetan, 2025 eta 2026 bitartean, zinema, dokumental eta itsas ondare jaialditan aurkeztea Errio". Hori horrela, jaialdien ibilbidea Durangoko Azokan hasiko du ikus-entzunezkoak, euskal kulturaren agertoki handienean.

Proiekzioak herrian

Era berean, beste proiekzio bat antolatu dute Orion bertan, Gabonen bueltan, gaztelerazko azpidatziekin. Abenduaren 22an izango da, igandearekin, Kultur Etxean, eta bi emanaldi izango dira arratsalde berean, bata bestearen jarraian. 18:00etan lehena, eta 19:30ean bigarrena.

Sarrerak abenduaren 10ean jarriko dituzte eskuragai Turismo Bulegoan. 

Errio dokumentala Orion aurkeztu zuten herritarren aurrean, irailaren 27an. Karela kiroldegia goraino bete zen, eta amaieran protagonistekin solasaldia izan zen.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide