Orioko Udalak herriaren erronkak eta parte-hartze proiektuak biltzen dituen Guk Oriori atari digitalaren berri eman zuen atzo Salatxo aretoan egindako prentsaurrekoan. Datorren astelehenean, urriak 28, herritarrentzako aurkezpen-saioa antolatu du, Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Udalak azaldu du herritarrek zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango dutela.
Atari berriak herritarren parte-hartzea sustatzeko atala ere badu, eta aktibatu duten lehen egitasmoa Andra Mariko guneari dagokiona da. Gune horren ordenamendua lantzeko, arkitektura-bulegoei zuzendutako ideia-lehiaketa jarri zuen martxan udalak urte hasietan. Aurkeztu ziren 8 proiektuen artean, 5ek gainditu zuten epaimahaiak ezarritako bideragarritasun- eta egokitasun-langa. "Orain, herritarrei zabalduko zaie epea proiektu horien artean gustukoena aukeratzeko", jakinarazi du udalak.
Proiektuak ikusgai daude dagoeneko Guk Oriori atarian. Hain zuzen, urriaren 28an jarriko dira panelak areto nagusian, eta Kultur Etxeko ohiko ordutegian ikusi ahal izango dira. Proposamen gustukoenaren alde botoa emateko egunak, ordea, azaroaren 15a eta 16a izango dira: ostiralean, Kultur Etxean (9:00-13:00 eta 16:00-20:00) eta larunbat goizean, turismo bulegoan (9:30-15:00).