'Gukoriori.eus' webgunea sortu du udalak, arlo estrategiko guztiei buruzko informazioa plazaratzeko

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 22a, 14:24

Ezkerretik hasita, IƱaki Makazaga, Lourdes Salsamendi, Anuska Esnal, Olatz Santamaria, Ainara Munduate eta Bittor Andres, gaurko prentsa agerraldian. (Onintza Lete Arrieta)

Hiru atal ditu atariak, bat herriko erronkak biltzen dituena, bestea parte hartze proiektuei buruzko informazioa jasotzen duena, eta hirugarrena, herritarrek eskaerak eta iradokizunak helaraztekoa. Proiektu bakoitzean egin dena, egiten ari direna eta egiteko dagoena zehaztuta daude, eta jada ikusgai dago Andra Mari guneari buruzko parte hartze prozesuko informazio guztia. Astelehenean abiatuko du udalak prozesu hori. 

Orioko Udalak Gukoriori.eus webgunea zabaldu du gaur, "herritarrei herriaren erronka nagusien berri emateko". Udal webgunearen –Orio.eus– osagarri izango da, eta handik ere izango du sarbidea. Webgune berriak hiru atal ditu: Orioren erronkak jasotzen dituena, parte hartze proiektuak biltzen dituena; eta herritarrek beren eskaerak nahiz iradokizunak bidaltzeko kanala.

Herrian martxan dauden proiektuak, udalak onartu dituen plan estrategikoak eta aurrera begirako erronkak eta lan lerroak xehetasunez ikusteko aukera ematen du webguneak. Azken batean, udal ordezkari eta teknikariek herriaz duten ikuspegi orokorra herritarren eskura jartzen du.

Orioren erronkak 11 ataletan banatu ditu udalak, eta bakoitzaren barruan informazio andana txertatu du. Honakoak dira gaiak: berdintasuna; tokiko ekonomia; kultura; herri eredua; mugikortasuna; euskara; hezkuntza; zaintza komunitarioa; osasuna; ingurumena; eta herri ondarea. Atalez atal, lan lerroak ikusteko aukera egongo da, baita horietako bakoitzean zer ekintza egin diren, zein ari diren egiten une honetan, eta egiteko zeintzuk falta diren ere.

Aurreneko parte hartze proiektua, abiatzear

Anuska Esnal alkateak eta Olatz Santamaria alkateordeak eman dituzte azalpenak gaur eguerdian Salatxo aretoan, eta ondoan izan dituzte hainbat udal zinegotzi –Iñaki Makazaga, Ainara Munduate eta Bittor Andres alderdikideak, eta Lourdes Salsamendi EAJko ordezkaria–, "mimo handiz landu dugun proiektua delako eta guretzat egun garrantzitsua delako", Esnalen hitzetan.

Alkateak nabarmendu du herriarentzat "oso potoloak" izango diren erabakiak hartzeko unea etorriko dela agintaldi honetan, eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa delako jarri nahi izan dutela herritaren eskura udaleko informazio guztia:  "Hamahiru zinegotziok erabakiak hartzeaz gain, herri osoak horietan parte hartzea nahi dugu. Bilerak eta deialdi irekiak egiten diren arren, parte hartze prozesuak gero eta zailagoak bihurtzen ari dira, eta erreminta hau sortzeko beharra sentitu dugu".

Anuska Esnal eta Olatz Santamaria, webgune berriaren atal bati buruzko azalpenak ematen gaur eguerdian. (Onintza Lete Arrieta)

Udalak abiatzear du parte hartze prozesuetako bat, eta horri buruzko informazioa eskuragarri dago jada webgune berrian, parte hartze proiektuei buruzko atalean. Andra Mari guneari buruzko proiektua da jendaurrean jarriko dena astelehenean, hilak 28. Gune horrek bi atal ditu, bat teknikoa, herriko puntu baxuena denez ura sartzen delako marea bizietan euria egiten duenean, eta azpiegiturak berritu behar direlako; eta beste atala estetikoagoa da, eta bost proiekturen artean gustukoena bozkatu beharko dute herritarrek. Santamariak jakinarazi du proiektuetako batzuen puntuaketak nahiko parekatuta daudela, eta beraz, herritarren botoek erabaki dezaketela zer proiektu gauzatuko duen udalak datorren urtean.

Bost proiektuak kultur etxean jarriko dituzte ikusgai astelehenean (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egoten da zabalik kultur etxea). Bozketa egunak ere zehaztu ditu udalak: azaroaren 15ean, ostirala, kultur etxean eman ahalko da botoa, eta azaroaren 16an, larunbata, turismo bulegoan bozkatu ahalko da, 09:30etik 15:00etara.

Esnalek azpimarratu duen beste ideia izan da webgune berriak erakutsiko duela udalak arrazoi zehatzengatik hartzen dituela hartzen dituen erabakiak, "ez inprobisazioaren ondorioz".

Salsamendik, berriz, Gukari adierazi dio EAJren udal taldeak webguneari forma emateko prozeduran parte hartu duela, eta uste du "udal dinamika herritarrei gerturatzeko baliogarria" izango dela. "Webgunearen bitartez modu natural eta errazean gurekin harremandu ahalko dira herritarrak, eta parte hartzea ere erraztuko du. EAJren udal taldea herritarren eskaerak entzuteko eta dagozkien erantzunak bideratzeko gogotsu dago". Horregatik, Salsamendik "oriotar guztiak animatu" nahi ditu plataforman "saltseatzera" eta zerbait beharko balute, berengana jotzera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide