Ia bi urtez bulegoko lanak egin ondoren, duela aste batzuk hasi ziren hegalaburrak gizentzeko proiektu pilotuaren kaiola muntatzen Orioko Kofradia berriaren parean, eta itsaso barearen zain egon dira kaiola instalazioa egongo den tokira garraiatzeko, Getariatik hiru miliara, itsaso zabalean. Atzo goizean aritu ziren garabi baten laguntzarekin kaiola uretaratzen, eta gaur eguerdian eraman dute Getariarantz, itsasgoran. Guztia prest zuten han kaiola ezartzeko.
Lehen urratsa izango da ikustea kaiola zer moduz mantentzen den neguko denboraleekin, eta manentze kostuak kalkulatzea. Dena ondo bidean, hurrengo urteko udan hasiko lirateke hegalaburra kaiolan sartzen, hura gizentzeko.
Azti ikerketa zentroaren eta Balfego enpresa kataluniarraren proiektua da, eta probak ondo ateraz gero, Aztik uste du arrantzaleentzat negozio bide berria irekiko duela. Hala adierazi dio Juan Bald Aztiko itsasoko eta kostaldeko ingurumen kudeaketako buruak Gukari, eta harekin bat dator Emeterio Urresti, Getariako kofradiako presidentea.