Martxan da haima saharar berria auzolanean egitearen proiektua, atzo Herriko Plazan oihal berriei lehenengo puntadak eman zizkietelako saharar komunitateko eta Ostargi elkarteko kideek, elkarrekin. Makinaz zein eskuz aritu ziren, mahaira eserita nahiz lurrean, oihal gainean jezarrita.
Esandako orduan hasi ziren lanean, 10:00etan, eta esandako orduan amaitu, 13:00etan. Herritarrak parte harzera deituak zituzten, baina lehenengo egunean behintzat ez zen aurpegi berririk hurbildu lanera. Jakinmina eragin zuen, ordea, eta batek baino gehiagok galdetu zuen ea zertan ari ziren jostunak.
Hasieran haima zaharra ere muntatu zuten, herritarrek ikusteko nolakoak izaten diren beren etxeak, baina haizea indartsu zebilen, eta azkenean, haima kentzea erabaki zuten.
Hizkuntzaren trabak nola-hala gainditu, eta bi komunitateetako kideak moldatu ziren elkarlanean aritzeko. Musika entzuteko eta opilez gozatzeko tartea ere hartu zuten.
Datozen lau larunbatetan ere Herriko Plazan elkartuko dira haima josteko, eta parte hartzera animatzen diren herritar guztiak izango dira ongietorriak.