Haima berria auzolanean, "ezagutza gal ez dadin"

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 11a, 10:30

Monin eta Fatima Sid Ahmed ama-alaba sahararrak, Ostargiko Rosaura Bravo eta Eli Bellorekin. (Onintza Lete Arrieta)

Orion bi emakumek bakarrik dakite haima sahararra egiten, eta bihar hasita, Herriko Plazan ibiliko dira larunbatero oihala josten. Ostargik aterako ditu patroiak.

Munduko komunitate batzuentzat garrantzitsuak dira haimak, horiek baitituzte bizitoki eta babesleku. Saharar komunitatea da horietako bat. Orion bizi diren sahararretatik, ordea, adineko bi emakumek bakarrik dakite nola egiten den haima bat –horietako bat da Monin Sid Ahmed–. Horregatik, ideia bat bururatu zaie: jakintza hori, galdu aurretik, belaunaldi berriekin nahiz oriotarrekin partekatzea. Hala, bihar hasita, hutsetik sortuko dute haima bat, auzolanean, eta proiektuarekin bat egin dute Gurera Orio gobernuz kanpoko erakundeak eta Ostargi Orioko jostunen elkarteak. Bi elkarte horietako ordezkariek herritar guztiak animatu dituzte bihar Herriko Plazara agertzera, egitasmo horretan parte hartzeko. "Lansaioetan musikarik eta giro onik ez da faltako", eta deia gizonezkoei ere egin dietela nabarmendu nahi izan dute: "Saharan emakumeak bakarrik aritzen dira haimak egiten, baina Orion gizonak ere animatu nahi ditugu Herriko Plazara bertaratzera eta laguntzera".

Ostargikoek josten lagunduko diete sahararrei, baina argi dute "ikastera" doazela. "Emakume sahararrak izango dira gure gidariak", azpimarratu dute. Dena den, beraiek lanerako eskuak baino zerbait gehiago emango diote proiektuari. Izan ere, Rosaura Bravori bururatu zaio haimaren patroiak atera ditzaketela –paperean egiten den marrazkia da, plano bat, neurri zehatzekin–, behin patroiak edukita, beste edonork beste edozein tokitan erabil dezakeelako informazio hori haima bat eraiki ahal izateko. Patroiak erabiltzen dira oihala moztu aurretik jakiteko zenbat eta nola moztu, baita egon litezkeen akatsak garaiz zuzentzeko ere. Baina, kasu honetan, helburu nagusia izango da "jakintza hori ez galtzea".

Ostargiko Marian Lazkanorentzat "polita" izango da biharko hitzordua. "Ez daukagu informazio askorik; esaterako, ez dakigu zer neurritako haima izango den. Bihar oihalak mozteko eguna izango da, eta hori beraiek egin behar dute, guk ez baitakigu ezer horri buruz. Gure lana izango da patroiak marraztea".

Auzolanerako egunak zehaztuta daude, nahiz eta ez dakiten ziur zenbat denbora beharko duten lanak burutzeko. Printzipioz bihartik hasita bost larunbatetan jarraian elkartuko dira, 10:00etatik 13:30era, Herriko Plazan.

Lehen, larruzkoak

Garai batean larruzkoak izaten ziren haimak –behi edo ahuntzaren larruarekin egindakoak–, eta halako bat badute oraindik Orion. Bihar egiten hasiko direna, ordea, kotoizkoa eta handiagoa izango dela kontatu dute Ostargiko kideek. Kanpotik tela bat edukiko du –gris iluna–, eta barrutik forratuta egongo da, kolore biziagoekin. Haima eginda dagoenean, barruko oihal biziago hori izango da batez ere agerian geldituko dena.

Oihalak saharar komunitateko kideek erosi dituzte, eta nolakoak diren ikusita, makinaz josteko balekoak direla iritzi diote jostunek, "ez delako olana ere". Sahararrek eskuz ere josi nahi dute, ordea, "hori delako beraien tradizioa". Bietara osatuko dute haima, beraz, auzolanean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide