Bizkaiko Openeko finaleko txartela eskuratu du Mikel Arruabarrena boxeolari gazteak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 12a, 18:00

Mikel Arruabarrena boxeolaria, erdian, urdinez, Ibai Marin entrenatzailearekin eta herritar talde zabalarekin. (Utzitakoa)

Gazteen mailan, 71 kiloz azpiko kategorian lehiatuko da bihar goizean Getxoko Andra Mari kiroldegian.

Mikel Arruabarrena boxeolari oriotar gaztea aurreneko aldiz igo da ring  batera lehiatzera, eta finalerako txartela lortu du. Getxoko (Bizkaia) Andra Mari kiroldegian ari dira jokatzen atzotik boxeoko Bizkaiko Opena, eta Arruabarrena gazteen mailan ari da, 71 kiloz azpikoen kategorian.

River Box &Roll boxeo klubeko Ibai Marin entrenatzailearen esanetara dabil Arruabarrena, eta gaurko lehia Bibox klubeko Javier Rodriguezi irabazi dio. Bihar, berriz, Alejandro Mosquera izango du aurkari finalean.

Arruabarrena, urdinez, gaur, borrokaren une batean. (Utzitakoa)

Irailean Gukari eskainitako elkarrizketan Marinek argi zituen asteburu honetako txapelketara zer helbururekin joango ziren: "Esperientzia hartzeko, behintzat, balioko digu; ikasketa izugarria izango da, eta kristoren gogotsu gaude biok. Lan txukuna egitera goaz, baina beti esaten dut berdin didala irabazten dugun ala galtzen dugun, garrantzia duena orain arte egindako eta lortutako guztia delako. Gero, irabazten badugu, askoz hobe, noski".

Oriotik talde handia bertaratu da Getxora boxeolari gaztea animatzera.

Hemen irakur daiteke osorik Marinen elkarrizketa.

Arruabarrena eta Marin, Getxon. (Utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide