Ibai Marin: "Asko gustatuko litzaidake klubak boxeo jaialdi bat antolatzea Orion"

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 11a, 09:30

Ibai Marin Box&Roll klubean. (Onintza Lete Arrieta)

Duela hilabete gutxi zabaldu du Marinek River Box&Roll boxeo kluba, eta pausoz pauso, epe laburreko eta ertaineko helburuen bila doa: urrian Bizkaiko Openean debutatuko du klubeko Mikel Arruabarrenak, eta boxeo belada bat antolatu nahiko luke herrian bertan.

Ibai Marin (Donostia, 1978) Orioko bizilaguna askorentzat ezaguna da bere musikari ibilbideagatik. Alderdi hori pixka bat alboratuta dauka azkenaldian, beste bati tokia egiteko: boxeoko entrenatzaile. Aitaren heriotza izan zen mugarria eta abiapuntua, eta aurten Orion bertan River Box&Roll boxeo kluba zabalduta, Marinek argi ditu helburuak epe labur eta ertainera begira.

Boxeoa txikitatik izan da gertukoa zuretzat, etxekoa.

Aita boxeolaria izan zen: berarekin jolasak boxeoari eta borrokari lotutakoak izaten ziren, eta berak eraman ninduen, 8 urte nituela, taekwondoko eskola batera. Urte dezentetan ibili nintzen, baita lehiatzen ere. Aita 2017an hil zen, eta berarekin konexio bat lortzeko asmoz, kickboxing egiten hasi nintzen Zarautzen, Asier Garaiarrekin. Baina boxeoarekiko kirol fidelagoa lortu nahi nuen, eta beste klub batean boxeoa praktikatzen hasi nintzen. Han, eskolak emateko aukera eskaini zidaten.

Eta entrenatzaile izatera eraman zintuen horrek.

Hala da. Erabaki nuen titulazioa ateratzea, ez nuelako nahi intruso bat izan. Klub hartan hasi nintzen eskolak ematen, eta orduan, Orioko nire bizilagun batzuek ere eskatu egin zidaten beraiei eskolak ematea. Etxeko garajean hasi nintzen, gero kiroldegia alokatzen hasi ginen, eta azkenik, Jorge Pintok eskaini zidan Kale Txokoko lokala erabiltzea libre zegoen orduetan, eta han gaude orain. Oso eskertuta nago berari, lokal aldaketak eman didalako orain kluba den hori sortzeko aukera.

River Box&Roll boxeo kluba.

Bai. Herritarrak hasi ziren enteratzen Kale Txokon geundela, eta Eneko Gaztañaga eta Mikel Arruabarrena gazteak etorri ziren berehala. 18-19 urte dituzte, fisikoki ikaragarri ondo daude, eta hor etorri zen aldaketa: neuri ere txipa aldatu egin zitzaidan; entrenamenduak erabat berritu nituen, beraiei beste zerbait eskaintzearren. Hor hasi ginen hazten. Proiektua aurrera zihoala ikusi nuenean, dena formalizatzen eta kluba sortzen hasi ginen. Kluba sortuta dago, eta orain kluba federatzen ari gara.

Lehiatzen hastea delako zuen helburua.

Bai. Enekok eta Mikelek lehiatzeko grina handia zuten, eta asmoa da Bizkaiko Open txapelketan debutatzea. Bizkaiko federazioak antolatzen du, eta urriaren 11ko asteburuan jokatuko da, hiru egunetan. Zoritxarrez, Eneko lesionatu egin zen duela bi aste, eta ez da osatuko garaiz. Arantzatxo hori dugu, baina garrantzitsuena da ondo errekuperatzea. Mikelekin aurrera goaz: gazte mailan lehiatuko da, 71 kiloz azpikoetan, eta ea zer gertatzen den. Esperientzia hartzeko, behintzat, balioko digu; ikasketa izugarria izango da, eta kristoren gogotsu gaude biok. Lan txukuna egitera goaz, baina beti esaten dut berdin didala irabazten dugun ala galtzen dugun, garrantzia duena orain arte egindako eta lortutako guztia delako. Gero, irabazten badugu, askoz hobe, noski.

Zenbat lagunek osatzen duzue kluba?

Hau aldakorra izaten da, baina oraintxe 30 kide gara. Partaideen profila anitza da oso, eta niretzat garrantzitsuena da lortu dugun giroa; jende oso jatorra etorri da eta giro paregabea dago. Horrez gain, maila anitzeko jendea dago. Denoi gustatzen zaigu badakien bati hobetzen laguntzea, baina niretzat erronka oso polita da hutsetik datorren bati erakustea ere. Horregatik, lehen soilik boxeo tradizionaleko entrenamenduak genituen, eta orain bi berri sartu ditut, bata hastapenekoa, hasiberrientzat, eta bestea kontakturik gabeko entrenamendua, hau da, zakua kolpatuz eta hainbat ariketa eginez; oso kañeroa izango dela uste dut, baina egokia da boxeoa ikasi bai baina kolperik eman eta jaso gabe estresa kendu eta entrenatu nahi duenarentzat. Bakoitzak erabakitzen du astean behin, bitan ala hirutan etorri, baita horietako zeinetara etorri ere.

Urriko txapelketaz harago, baduzue erronka gehiago?

Ez dut aparteko esfortzurik edo lanketa berezirik egin, baina oso-oso presente daukat eta gustatuko litzaidake emakumeak egotea klubean. Boxeoa beti izan da gizonezkoen mundua, eta puskatu nahiko nuke estereotipo hori. Ez da nire asmoa inongo aitzindari izaterik, baina nik behintzat, nire klubean, nahi dut ikusi emakumea ere sartzen dela, eta gustura datorrela, eta eremu seguru batean sentitzen dela. Bi neska berri etorri dira probatzera eta entrenatzen hasteko prest daude, eta ni, horrekin, zoriontsua naiz.

Boxeoak gauza asko lantzeko aukera ematen duela diozu.

Hala uste dut, bai. Esaterako, honelako kirol batek autoestimua asko igotzen dizu, segurtasuna ematen dizu. Eguneroko bizitzan, ez gaude hainbat egoerari aurre egiteko prestatuta; zeure burua ezagutu behar duzu, konfiantza eduki behar duzu, autoestimua orekatua behar duzu... Kirol honek hori ematen dizula uste dut. Landuz gero, gauzei beste era batera aurre egiteko gaitasuna eman dezake.

Biolentzia eta oldarkortasuna nahasten direla ere esan izan duzu, ezta?

Bai. Lotura dute, bai, baina nik biolentziarik ez dut onartzen klubean, eta ez dut onartuko sekula. Oso-oso adi egoten naiz, eta edozer zantzu ikusten badut, segituan mozten dut. Oldarkortasuna, ordea, beharrezko elementua da kontaktuko kiroletan puntuatu ahal izateko, baina horrek ez du esan nahi biolentoa naizenik. Boxeo konbateetan ere, epaileek hainbat gauza neurtzen dituzte, ez soilik zenbat jotzen duzun: nork hartzen duen ringaren erdia, nor den oldarkorragoa, nor ari den borrokaldiaren ardura eramaten, nor iristen den ondo kolpatzera...

Zeuk boxeatzen al duzu?

Ez, buru-belarri nabil lanean egunetik egunera entrenatzaile hobea izateko, eta horretan guztia emango dut, oso kartsua naiz eta bihotza jartzen dut egiten dudan horretan. Inoiz ez nuen pentsatuko gaur hemen eta honetan ibiliko nintzenik: nire helburu bakarra izan zen aitarekin konektatzea. Batzuetan neurekiko esaten dut: «Aita, ohartzen zara zenbat egin dudan zugandik gertuago egoteko?».

Eta lortu al duzu aitagandik gertuago egotea?

Bai, honek guztiak ondo sentiarazten nau eta asko laguntzen dit, oraindik asko sufritzen dudalako bere heriotzagatik.

2025erako helbururik bai?

Orain lehentasunak dira Bizkaiko Openean parte hartzea, Eneko osatzea eta klubari osasuna ematea –herriarentzat ona dela uste dudalako–. 2025ean ez dakit lortuko dugun, baina asko-asko gustatuko litzaidake gure klubak herrian boxeo jaialdia antolatzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide