Mikel Arostegi: "Uste dut merezi nuela beste urte bat jarraitzeko aukera"

Julene Sorarrain 2024ko urr. 11a, 12:00

Mikel Arostegi OAEko entrenatzaile ohia. (EITB)

Iker Zabala izango da Orioko entrenatzailea 2025. urteko denboraldian, eta ondorioz, Mikel Arostegiren tokia hartuko du. EITBri egindako adierazpenetan Arostegi "minduta" azaldu da, beste urtebetez jarraitzeko "aukera irabazi" duela uste baitu.

Aurreko astean jakinarazi zuen Orioko Arraun Elkarteak denboraldi berriko entrenatzailea Iker Zabala izango dela. Zabalak Mikel Arostegiren tokia hartuko du, eta entrenatzaile ohia "minduta" azaldu da erabaki honen aurrean. EITBri egindako adierazpenen arabera, beste urtebetez jarraitzeko "aukera irabazi" duela uste baitu.

Zuzendaritzaren aldetik, berarekiko jarrera "oso hotza" izan dutela azpimarratu du Arostegik, Kontxan "estropada ona" egin arren: "Horrelako lana egin ostean, ez didate beste aukera bat eman. Minduta nago".

Arostegik "banderak irabazteko" gai dela argudiatu du, baita beste urte batez jarraitzeko aukera merezi duela ere. "Ez dut uste kanpora joan behar denik entrenatzaile baten bila gauzak ondo egiteko. Nik uste dut maila oso ona eman dudala, eta talde hau aurrera eramateko nik badakit zer eman behar den. Pena ematen dit aukera ez eman izana. Urtea nola joan den ikusita", gehitu du oriotarrak.

"Mesfidantza handia" duela ere gehitu du oraingo zuzendaritzarekin, izan ere, berarekin "gezurretan" ibili direla sentitu du: "Erabili egin naute. Zer egingo dut orain? Ez dakit. Arraun Kluba hor dago, baina minduta nago gezurretan ibili direlako nirekin eta ez dut hori merezi. Proiektu polita ikusi nuen eta ilusioz beteta etorri nintzen hona. Erakutsi dut gauzak ondo egin ditudala". 

Etorkizunari begira, Arostegik "lasai" egon nahi duela adierazi du: "Ez dut buruan beste leku batera joatea. Aurrerago ikusiko dugu ea zer pasako den".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide