Kiroldegian izango da 'Errio' dokumentalaren estreinaldia bihar gauean

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 26a, 12:13

Atzo atera zuten talde argazkia dokumentaleko kideek eta udal ordezkariek. Ezkerretik hasita, Beñat Gereka, Ibon Gaztañazpi, Nagore Urdapilleta, Anuska Esnal, Noemi Ostolaza, Olatz Santamaria eta Iñaki Makazaga. (Orioko Udala)

Eguraldi txarra dago aurreikusita biharko, eta horregatik, Herriko Plazan beharrean, kiroldegian aurkeztuko dute Orioko itsas ondareari buruzko ikus-entzunezkoa. Dokumentalaren ondoren lantaldeko kideekin hitz egiteko aukera egongo da, eta bertaratzeko gonbidapenak hartzeko eskatu du udalak. 400 lagunetik gorak eman du izena dagoeneko.

Ibon Gaztañazpik Orioko Udalaren enkarguz zuzendutako Errio dokumentala kiroldegian estreinatuko dute bihar, herritarren aurrean. Proiekzioa Herriko Plazan egitekoa zen, baina, eguraldiaren iragarpena ikusita eta saioaren iraupena kontuan hartuta, tokia aldatzea erabaki du udalak, "erosoago izateko".

Orioko itsas ondareari balioa emateko ikus-entzunezkoa 22:00etan hasiko da, eta amaitutakoan, lantaldeko kideekin hitz egiteko eta galderak egiteko aukera edukiko dute herritarrek. Kiroldegian izango dira Gaztañazpi bera, Nagore Urdapilleta dokumentaleko aurkezlea eta Beñat Gereka errealizadorea.

Dokumentalak ordubeteko iraupena du, eta saioak, guztira, bi ordu inguru iraungo duela jakinarazi du udalak.

Gonbidapenak eskuragarri

Sarrera librea da, eta gonbitak turismo bulegoan har daitezke. Gainera, herriko eragileak ere gonbidatu ditu udalak aurkezpenera, eta izen-emate galdetegia prestatu du asistentzia konfirmatzeko.

Udalak jakinarazi du orain arte 400 lagunetik gorak eman duela izena, eta gainerako herritarrei ere bertaratzeko dei egin die, "saio ederra" izango delako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide