San Pedro jaiak 2024

Ganbara sormen tailerrean izena emateko aukera dago oraindik

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 15a, 12:00

Sormen tailerrean parte hartu duten haur batzuk, joan den ikasturteko saio batean. (Zorione Mendez)

Zorione Mendez sortzaileak eskainiko du tailerra herriko haur eta gaztetxoentzat ikasturte osoan zehar, eta izena emateko epea zabalik dago. Marrazketa, pintura, eskultura, eskulanak eta serigrafia landuko dituzte, eta eskola solteak hartzea ere badago.

Udalarekin eta bi ikastetxeekin elkarlanean, Zorione Mendez sortzaile oriotarrak Ganbara izeneko sormen tailerra eskaini zien herriko haur eta gaztetxoei pasa den ikasturtean, eta hastear den kurtso berrian bigarrenez emango du tailerra. LH eta DBHko herriko ikasleentzat da jarduera, ikasturte osokoa, baina ikasturte erdia Zaragueta Herri Eskolan egingo dute, eta beste erdia, Orioko Herri Ikastolan. Gainera, eskolak hiruhileka antolatzen dira, eta ez dago ikasturte osoa egin beharrik.

Urrian hasiko dira eskolak, eta adin bakoitzeko egunak eta ordutegia zehaztuta dauden arren, Mendezek esan du horiek ez direla zurrunak eta zalantzarik izanez gero berari galdetzea dela onena.

Arte plastikoen tailerrean marrazketa, pintura, eskultura, eskulanak eta serigrafia landuko dituzte. "Tailerraren helburua da sormena sustatzea, iritzi kritikoa, talde lana...  Irudimena landuz eta material ezberdinak erabiliz, bakarkako zein taldeko lan ekintzak eginez, ikasi eta jolastea da helburua. Ongizate, harreman, ahalduntzeak… dute garrantzia. Alegia, ez da eskulanak egitea bakarrik; amaierako objektua ez da garrantzitsuena", azaldu dio Mendezek hedabide honi. Eta aurreneko ikasturteko esperientzia positiboki baloratu du: "Zerbait berria izan da, talde txikietan aritu gara, eta uste dut balorazioa ona dela".

Hiruhileko bakoitzean 30 ikasle inguru izan ditu joan den ikasturtean, eta "polita" iruditu zaio bi ikastetxeetako haurrek elkar ezagutzea sormen tailerrarekin bitartez.

Izen-ematea eta egutegia

Ganbara sormen tailerra urrian hasiko da, eta kuotaren barruan materiala sartzen da; hala, ikasleek ez dute ezer eraman behar saioetara. Horrez gain, Mendezek azaldu du konpromisoa ez dela kurtso osokoa, eta klase solteak har daitezkeela.  Gainera, hiruhilero ikasleari galdetzen zaio jarraitu nahi duen tailerrean.

Hiruhileko prezioa 220 eurokoa da, baina kopuru hori ordaintzeko zailtasunak dituzten familiek ere izango dute seme-alabak bertan apuntatzeko aukera, udalaren laguntzei esker.

Izena emateko bi modu daude: 652 70 22 37 telefonora deituta edo mezua bidalita, edo ganbarasormentailerra@gmail.com helbidera mezua idatzita.

Ordutegiak honakoak dira, baina horiek ez dira zurrunak izango, eta ikasleak taldez aldatzea egongo da.

  • Asteartea: 17:00-18:30. LH1-LH4. GAN taldea.
  • Asteazkena: 17:00-18:30. LH5-LH6. BA taldea.
  • Osteguna:
    • 17:00-18:30. DBH1-DBH2. RA taldea.
    • 19:00-20:30. DBH3-DBH4. ! taldea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide