Kantabrian lehiatu dira gaur Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruak Castro Urdialeseko uretan, eta faboritoek ez dute hutsik egin: 11. jardunaldian, Arraun Lagunakek 11. bandera irabazi du, eta Urdaibaik, bederatzigarrena.
Gizonetan bigarren txanda bereziki lehiatua izan da: Lekeitio, Hondarribi, Getaria eta Ondarroa nor baino nor ibili dira, hirugarren ziabogarako azken metroetan Ondarroa atzerago gelditu den arren. Getariak oso ondo hartu ditu ziabogak, eta azken luzean bigarren ere jarri da, baina berriz ere Hondarribiak hartu dio aurrea. Lekeitio eta Hondarriren atzetik sailkatu da Getaria –zazpigarren amaitu du estropada–.
Hirugarren txandan, Oriok dena eman du sailkapenean laugarren mantentzeko, eta halaxe gelditu da. Hori bai, Urdaibaik erakutsi du indartsuena dela, eta bere txandakoek ezin izan dute ezer egin haren aurrean, Donostiarra saiatu den arren.
Sailkapen nagusian lider jarraitzen du Urdaibaik, tartea handituta Zierbenari –129 eta 116 puntu, hurrenez hurren– eta laugarren da Orio (99 puntu), Donostiarraren atzetik (101 puntu), eta Hondarribiaren aurretik (95 puntu).
Emakumeen estropadari dagokionez, Arraun Lagunakek 11. bandera erdietsi du gaur Castron. Tolosaldeak gogor estutu ditu donostiarrak, baina azken luzean tartea zabaltzea lortu dute irabazleek, eta zazpi segundoko aldearekin gailendu dira.
Orio laugarren joan da hasieratik, eta halaxe amaitu du estropada, Donostiarraren atzetik. Sailkapen nagusian, hori bai, hirugarren dira oriotarrak, nahiz eta 64 puntutara berdinduta egon laugarrenarekin, Donostiarrarekin. Tolosaldea da bigarren 66 punturekin, eta beraz, hurrengo estropadetan jokoan izango dute bigarren postu hori oriotarrek, donostiarrek eta tolosarrek. Arraun Lagunak da lider sendoa, 88 punturekin.
Orion jokatu dituzte bihar hamabigarren jardunaldiko estropadak emakumeek zein gizonek, eta etxekoak saiatuko dira estropada ona egiten etxeko zaleen aurrean.