Arraun zaleak Oriora begira jarriko dira asteburu honetan, larunbatean errioan jokatuko dituztelako ETE eta KAE1 ligako estropadak, eta igandean, Orioko itsasoan Euskotren eta Eusko Label ligetakoak. OAE Orio Arraunketa Elkarteak antolatu ditu guztiak ETEkoa izan ezik –Hernani da antolatzailea, baina Orion jokatuko dute –, eta gaur eguerdian egin dute prentsaurrekoa Orioko Kanpinean, izen horixe baitute banderek.
Andoni Campos OAEko kideak hartu du hitza, eta bertan izan dira EAJko eta EH Bilduko nahiz OAEko hainbat ordezkari ere, tartean Anuska Esnal alkatea. Camposek gogorarazi du zuzendaritza honek aurreneko aldiz antolatu dituela etxeko estropadak eta "jakin-minez" daudela dena nola aterako den ikusteko, baina hurrengo urteei begira aldaketak egiteko asmoa dutela aurreratu du: "Gure helburua da datozen hiru urteetan herri barrura ekartzea Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak, herriari beste bizitasun eta giro bat ematen diolako estropada plazan hasi eta plazan amaitzeak".
ETE eta KAE1eko estropadak bezala, errioan erlojuaren kontrako lehiak egitea da asmoa, beraz. Camposek uste du "zaila" izango dela helburu hori lortzea, baina behin bada ere lortu nahiko luketela. "Ez litzateke aurreneko aldia izango, kanpoko barran obretan aritu zirenean errioan jokatu zirelako estropadak", gaineratu du.
Alkateak, berriz, gogoratu du aurreneko aldiz jokatuko direla etxeko estropadak abuztuan, orain arte beti uztailean egin direlako Bisigu Festaren barruan, eta bi elkitaldiak banatzea egoki ikusteaz gain, azpimarratu du udalarentzat "asteburu berezia" izaten dela arraunarena "herriko ondarearen parte" delako, eta "pozik" agertu da "traineruetan arraunlari gazte asko" dagoelako.
Igandean festa giroa
Larunbatean errioan izango dira estropadak, 15:30ean ETEkoak eta 16:00etan KAE1ekoak, eta traineruentzako eta arraunlarientzako gunea Arraunetxen egongo da.
Igandean, berriz, itsasoan izango dira estropadak, 11:25ean Euskotrenekoak eta 12:21ean Eusko Labelekoak, eta kirolarientzako gunea kofradia berriko zabalgunean egongo da; zaleek ere han aparkatzeko aukera izango dute "boluntarioek egingo duten lanari esker". Horregatik, Camposek "eskerrak" eman dizkie boluntario horiei guztiei klubaren izenean.
Estropada eremua iazko berbera izango da: kanpoko barra paretik abiatuta, Mollarirantz joan-etorria egingo dute. Emakumezkoek 1,5 itsas-milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin. Gizonezkoek, berriz, hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin.
Herriko plazan pantaila erraldoia jarriko du zaleentzat antolakuntzak, eta Euskal Parrillaren produktuez ere plazan gozatu ahalko da.