Andoni Campos: "Denboraldiaren momentu honetan agian helburu handiagoak jartzeko moduan gara"

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 3a, 09:30

Andoni Campos, artxiboko irudian.

Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariak azaldu du kluba oso gustura dagoela bi traineru nagusiak eta B ontzia egiten ari diren lanarekin,  eta "hankak lurrean" edukita, mugarik ez dietela jarriko lana eginez lortzen ari diren emaitzei.

Gaur eta bihar Orion jokatuko dira Orio Kanpina banderak. Ostegunean aurkeztu zituzten, eta prentsaurrekoa aprobetxatu zuen Orio Arraunketa Elkarteak (OAE) traineru denboraldiaz ere hitz egiteko.

Andoni Campos OAEko zuzendaritzako kideak esan zuen kluba gustura dagoela emakumezkoen eta gizonezkoen talde nagusiak egiten ari diren lanarekin, baita gizonezkoen bigarren taldearekin ere.

KAE1en azken postuan da Orio B trainerua, eta aurrena horren irakurketa egin zuen Camposek: "Kontuan izan behar da bigarren txalupa dela eta iaztik aurtenera aldaketa asko egon direla. B traineruko sei arraunlari goiko kategoriara igo dira, eta horrez gain, kosta egin zaigu trainerua uretaratzea, jendez justu ibili garelako eta beste taldeetatik jendea ekarri behar izan delako. Estropada batzuetan maila polita erakutsi dute txanden bentajak aprobetxatzen asmatuta".

Gainera, klubak argi du bigarren traineruaren helburua ez dela estropadak irabaztea, beste zerbait baizik: "B trainerua arraunlariak formatzeko modu bat da, eta gure helburua ez da B trainerua irabazten ibiltzea, baizik eta B trainerutik A trainerura jendea iristea. Beraz, helburu hori kontuan hartzen bada, lanean oso txukun ari dira".

"Herria oso motibatuta" ikusten du klubak

Emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeei buruzko balorazioa egiterakoan, Camposek "biak pack berean" sartu nahi izan zituen, "bietan sekulako aldaketak" egon direlako iaztik: "Tripulazioaren bizkarrezur handienak utzi egin du taldea, bizkarrezur berria formatu behar izan dugu bi taldeetan, eta zuzendaritza oso gustura dago bi taldeak egiten ari diren lanarekin".

Horrez gain, "herria oso motibatuta" ikusten du Camposek "bai nesken eta bai mutilen traineruekin, identifikatuta sentitzen direlako, bata zein bestea etxeko jendearekin osatutako tripulazioak direlako". Klubak "oso-oso argi du oinarria etxekoak izan behar duela, eta kanpokoak, osagarria".

Helburua "beti irabaztea" izan arren, Camposek esan zuen "hankak lurrean" jarri behar direla eta agian aurten beren maila ez dela irabaztekoa, baina neskak bigarren postuagatik eta mutilak hirugarrenagatik borrokan ari direla ere nabarmendu zuen; "beraz, lanean jarraitu behar da pixkanaka, paladaz palada, postu horiek bermatzera". Aurtengo helburua hori dela esan zuen.

Denboraldi hasieran ez zuten espero gizonezkoen trainerua hain goian ibiltzerik: "Ez genuen helburu altuegirik jarri nahi, badakigulako lortzen ez bada askoz gehiago kostatzen dela denboraldia aurrera eramatea, baina klub barruan esan izan da segitzeko lanean, etorriko delako emaitza. Eta horrek jarriko gaitu benetan zer tokitan gauden. Liga erdira iristen ari gara, eta jada sinesten hasi behar dugu gure postua laugarren edo hirugarren badela. Beraz, zergatik ez joan horren bila? Gure buruari ez dizkiogu mugak jarri, ez dakit zer irabaztea helburu jarri ez diogun bezala".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide