San Pedro jaiak Harrotasunaren Egunean hasten dira, eta aldarri horrekin eman zioten hasiera aurten ere. Udaletxeko balkoitik Oriko bandera goratzearekin batera, LGTBIQ+ kolektiboaren ostadar bandera igo zuten aldi berean; era berean, eraikinaren bigarren solairuan kolektiboaren kolore guztiak ordezkatzen dituen pankarta handi bat jarri zuten.
Anuska esnal alkateak hartu zuen hitza, eta bere mezua argia izan zen. Nolabait esateko, Orio tradizioari estuki lotutako herria dela gogora ekarri zuen, baina horrek ez duela kentzen egungo egoerara ireki eta moldatu behar duenik: "Bestela sardinak lata barruan bezala geratuko gara". Ekitaldian Glaukoma, Berri Txarrak eta beste talde batzuen abestiak entzun ahal izan ziren, eta haien abestien leloak ahoan, herriak inoiz baino gehiago aske bizi eta maitatu behar duela adierazi zuen.
Herriko Plaza festan murgildu nahi zuten herritarrez bete zen, eta banderen igotzearekin batera, Pello eta Nikolasa erraldoiek eta Kataluniako Vilafranca del Penedeseko arranoak eta herensugeka dantzan egin zuten. Aurrez, konpartsek kalejira ikusgarria bezain berezia eskaini zuten gaztetxetik abiatuta, herriko txikienen eta helduen gozagarri. Berezi egin zuten katalanen dantza ezberdinak eta suek nahiz txiparta hotsek.
Behin jaiei hasiera eman pronto, Yogurina Borova artista laudioarra igo zen agertoki gainera, Harrotasunaren Egunari presentzia ematera. Bere emanaldiak dantzan jarri zituen oriotarrak.