Egun gutxi falta dira herriko festak hasteko. Asteburuan tokatu dira aurten, oriotarren gehiengoak ez dugu aitzakiarik uda atariko festez gozatzeko: ostirala, larunbata eta igandea, hiru egun ekitaldiz bete-beteak. Eskerrik asko batzordekideei, baita ekitaldi bakoitzaren antolaketa fintzen ari zareten herritarrei eta elkarteei ere.
"Guztiona izan nahi duen festari bide orria jarri zaio, eta idatziz jaso dugu"
Festen aurretik egindako lanean jarri nahi dut begia. Egitaraua antolatzeaz gain, festen antolaketan kontuan izatekoak landu eta erredaktatu ditu Festa Batzordeak. Guztiona izan nahi duen festari bide orria jarri zaio, eta idatziz jaso dugu. Ez da kultur eragileen parte hartze prozesu bakarra, negutik udara kulturaren panoramaren etorkizuna marrazten ari dira elkarteetako kideak. Sailetik begia jasoz bidean da zaintzaren inguruko diagnosia, eskola kirolaren gogoeta, Hezkidetza Plana eta beste hainbat ikerketa. Zehar lerroak ahalik eta zabalen landu nahi ditugu, baina dagoeneko herria mugitzen ari da, eskuak lanean eta burua pentsatzen. Elkarlana da bidea herri bizigarriagoa eta berdinzaleagoa sortzeko. Festak egunerokoaren isla besterik ez dira, eta elkarlanak eramango gaitu oriotar guztientzako ekitaldi erreferentzialak indartzera.
"Ospa ditzagun festak elkarrekin, eta disfruta dezagun lagunarteaz"
Ospa ditzagun herriko festak elkarrekin, eta disfruta dezagun lagunarteaz, taldearen beroaz eta auzotarren babesaz. Elkarrekiko errespetutik, guztion gozamenerako.