San Pedro jaiak 2024

Arrantzale Egunean behar bezala janzteko argibideak eman ditu antolakuntza taldeak

Andrea Zipitria 2024ko eka. 15a, 13:00

Arrantzale Eguna. (Rosana Arruti)

150etik gora herritarrek hartuko dute parte Arrantzale Eguneko dantza emanaldian, eta parte hartuko dutenak ez ezik, herritarrak animatu nahi dituzte arrantzalez janztera. Halaber, etxeetako balkoiak eta leihoak zein eskaparateak arrantzako gaiekin janzteko deialdia egin dute antolatzaileek.

San Pedro festen programaren barruan, ekainaren 30ean, igandearekin, izango da aurten Arrantzale Eguna. Dagoeneko hasi dira kalejirarako eta dantza emanaldirako entseguak egiten, eta antolatzaileek iragarri dutenez arrakastatsua izango da. 150etik gora herritarrek hartuko baitute parte.

Jardueretan parte hartuko duten herritarrez gain, herritar guztiei egin die dei arrantzalez jantzita ateratzeko kalera. Argibideak ere eman dituzte horretarako.

Honelaxe dio antolatzaileek prestatutako azalpenak:

Emakumezkoak:

  • Baserritar-gona edo mahoizkoa
  • Blusa mangaluzea, baserritarrarena, edo zuri-beixa
  • Mantala bi kasuetan
  • Alpargata zuriak eta media beltzak, edo alpargata beltzak eta media zuriak
  • Buruko zapia (moñerorik ez)

Gizonezkoak

  • Baserritar galtzak edo mahoizkoak
  • Baserritar galtzekin, alpargata zuriak eta galtzerdi beltzak
  • Mahoizko galtzen kasuan, hanka-pilota hazten den parera arte doblatuta eta alpargata beltzak galtzerdirik gabe
  • Alkandora: zuria, mahoizkoa edo baserritarrarena
  • Gerrikoa: harri-jasotzaileek bezala dena lotuta. Gerrikoaren muturra zintzilik, ez
    • Baserritar galtzekin, gerriko zuria edo beltza
    • Mahoizko galtzekin, gerriko beltza
  • Lepoan zapirik ez

Haurrak

  • Helduak bezala, baina nesken kasuan media beltzik gabe eta ez da derrigorrezkoa buruko zapia: Ilea jasota: koleta edo moñoa (moñerorik ez)

Jantziak ez ezik, etxeetako balkoiak eta leihoak zein eskaparateak arrantzako gaiekin janzteko deialdia egin dute antolatzaileek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide