Ostegun honetan hasiko dira Etxeluze gaztetxearen 14. urteurrena ospatzen

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 4a, 08:00

Kaosa eta Dilistak festako une bat, Etxeluze kanpoan. (Onintza Lete Arrieta)

Lauzpabost Stand-up bakarrizketa saioa izango da urteurreneko aurreneko ikuskizuna, eta larunbatean jarraituko du festak, Kaosa eta Dilistak egunarekin. Beste lau hitzordu ere prestatu dituzte hilaren 30era bitartean.

Etxeluze gaztetxeak hamalau urte beteko ditu aurten, eta hango kideek egitarau oparoa antolatu dute urteurrena ospatzeko. Ostegun honetan bertan, hilaren 6an, izango da aurreneko emanaldia: Lauzpabost Stand-up bakarrizketa saioa, hain zuzen. Mikel Irazustak, Maialen Sorzabalberek, Maria Blancok, Julen Portillok eta Iker Plazaolak osatzen dute taldea, eta ikusleak barrez jartzen saiatuko dira bakarrizketa saio umoretsua eskainiz. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak bost euroan eskuragarri egongo dira.

Larunbatean jarraituko du festak, Kaosa eta Dilistak egunarekin. Dilista txapelketa eginez hasiko dute eguna, eta elkarrekin bazkaldu ondoren –bost euro kostako da pertsonako–, Jony Txintxes eta Billy Ladilla igoko dira oholtzara. Jokoak egingo dituzte gero, eta arratsalde amaieran hasita kontzertuen txanda izango da. Talde mordoak emango du kontzertua (ikus egitaraua).

Ekainaren 30era bitartean, beste lau hitzordu ere prestatu dituzte Etxeluzekoek: ekainaren 15ean MEFSST musika jaialdi feminista egingo dute, hilaren 21ean Musik Apest bertsio gaua, hilaren 22an Azkuria egitasmoa, eta amaitzeko, hilaren 30ean, Les Testarudes musika talde kataluniarra izango da, plazan. Aurrerago emango dute azken ekitaldi horien berri zehatzagoa.

Egitaraua

  • Ekainak 6, osteguna: Lauzpabost Stand-up bakarrizketa saioa, 20:00etan.

  • Ekainak 8, larunbata, Kaosa eta Dilistak eguna:
    • 12:00. Dilista txapelketa.
    • 14:00. Bazkaria.
    • 15:00. Jony Txintxes eta Billy Ladilla.
    • 16:30. Jokoak.
    • 18:00. Kontzertuak: Kogio con pinsa, Global Horror, Zaborra, Mate, Ventilador, DJ Isa.Tupa, Banda des Femer, Phosphore, Itzala, Difuntos Telaranas eta Kiratxa.

  • Ekainak 15, larunbata, MEFSST:
    • 13:00. Marianitada.
    • 13:30. Popperra, afterra, utopia.
    • 15:00. Bazkaria.
    • 19:00. Dragmela.
    • 22:00. Gauak, DJ Azkura, DJ Alba Royu.
      *Bertan afaltzeko aukera egongo da.

  • Ekainak 21, ostirala, Orion Musik Apest: 22:00etan hasita, bertsio gaua. Izen-ematea zabalik dago.

  • Ekainak 22, larunbata: 19:00etan hasita, Azkuria: LaMia Mari, Frances Be, Gela, OIOr, Ines, Ke Lepo, Guridi proiekzioak taldeak. Sarrera hamar euro. Afaria ere egongo da.

  • Ekainak 30, igandea: Les Testarudes musika taldea, plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide