Zudugarai Orio, azken segundora arte borrokan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 26a, 17:18

Kadeteek Espainiako Txapelketako C sektoreko finala jokatu dute gaur eguerdian Karelan Leganes taldearen kontra, baina gehiago izan dira madrildarrak, eta 23-28 galdu dute Orio Eragineko neskek. Hori bai, azkenera arte erakutsi dizkiete hortzak aurkariei.

Karela kiroldegia goraino bete da gaur eguerdian, kadeteen eskubaloiko Espainiako Txapelketako C sektoreko finala ikusteko. Orio Eragineko Zudugarai taldea iritsi da finalera aurreko bi partidak irabazita, eta Leganes taldea izan du aurkari.

Talde sendoa dutela erakutsi dute madrildarrek, eta haientzat izan da garaipena. Etxekoek gogor borrokatu behar izan dute markagailuan Leganes harrapatzen saiatzeko; puntu gutxigatik izan arren, beti atzetik joan dira oriotarrak, nahiz eta azken unera arte erakutsi dizkieten hortzak aurkariei. Lana gogor egin dute, eta azkenean, 23-28 emaitzarekin amaitu da partida.

Harmailetan zaleek ez dute hutsik egin, eta bi taldeek animatu dituzte jokalari gaztetxoak.

Sari banaketan gustura ziren denak –Idoia Larrañaga Orio Eragineko presidentearen eskutik jaso dituzte oroigarria eta dominak– eta txapelketa amaitzeko bozgorailuetatik bertso eder bat entzun da.

Hemen ikus daiteke finala, osorik:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide