Gaur arratsaldean moilatik pasa direnek adi-adi begiratu dute errio bazterrera, atzo arratsaldetik gaur eguerdira bitartean botatako euri jasek eraginda, Oriak enborrak, adarrak eta beste hainbat objektu ekarri baititu ibaian behera. 18:15ean, marea gora iritsi denean, zakarrez beteta zegoen itsasontzien ingurua, eta korronteak zikinkeria portuaren mailaren parean jarri du, bertaratu direnen harridurarako. Zakar mendien gainean oinez ibili zitekeela zirudien. Moila inguruan zeuden arrantzale zaharrei, ordea, ez zaie arraroa iruditu, eta mutil koskorretan bizitakoak ere ekarri dituzte gogora.