Udal eta foru hauteskundeak 2023

Anuska Esnal: "Orain dela lau urte abiatutako ibilbidea jarraitu nahi dugu"

Gorka Eizagirre - Aiora Larrañaga 2023ko eka. 17a, 12:42

Hamar aldeko boza jaso ditu EH Bilduko zerrendaburu Anuska Esnal Olidenek alkatea aukeratzeko bozketan, eta hiru boto zuri ere izan dira. Udalbatzarraren amaieran, Esnalek eta EAJ udal taldeko bozeramaile Noemi Ostolazak adierazpenak egin dituzte, datozen lau urteetarako asmoak azalduz.

Goizean Orioko udalbatza berria osatzeko udalbatzarra egin da udaletxean. Udalbatzar aretoa herritarrez bete da eta zuzenean jarraitu dute alkatearen kargu hartzea. Hain zuzen ere, EH Bilduko zerrendaburu Anuska Esnal Oliden izendatu dute Orioko alkatea aldeko hamar botorekin. Beraz, datozen lau urtetan ere Esnalek jarraituko du alkate karguan.

Ekitaldia amaitutakoan, Esnalek azaldu du "orain dela lau urte abiatutako bidea" jarraitu nahi dutela, baina "ilusio eta indar gehiagorekin" hamar zinegotzi dituztelako. "Egiteko moduan sakonduko dugu, udala gehiago irekiz eta gardenagoa eginez.  Hasita ditugun proiektuak borobiltzen ere joan nahi dugu eta etorkizuneko izar horietan eragiten hasi".

EAJko zerrendaburu Noemi Ostolazaren eta EAJ udal taldearen asmoa, bestalde, "lanean jarraitzea" da. "Bozkatu diguten herritarrek babesa eman digute eta orain arte bezala lan arduratsua eta herrigintza arduratsua egingo dugu. Elkarrizketarako eta elkarlanerako prest gaude. Hori da nire izaera, eraikitzeko lan egitea, eta hori ezinbestean elkarrizketatik eta akordioetatik sortzen da".

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide