Udal eta foru hauteskundeak 2023

Anuska Esnal Olidenek hartu du Orioko aginte-makila datozen lau urteetarako

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 17a, 11:33

Anuska Esnal Olidenek kargu hartze ekitaldian nabarmendu du berarentzat "ohore handia" dela Orioko alkatea izatea, eta datozen lau urtetan "orain arte bezala ilusioz" lan egiteko prest agertu da.

Gaur, 10:00etan hasita, Orioko Udalbatza berria osatzeko udalbatzarra egin da, eta Anuska Esnal Oliden izendatu dute berriz ere herriko alkate, aretoan bildu diren herritarren txalo zaparrada artean. Ekitaldia motza izan da: lehenik eta behin adin-mahaia osatu dute; ondoren zinegotziek karguak hartu dituzte, eta jarraian, boto sekretu bidez alkatea aukeratu dute. Hamar boto jaso ditu Anuska Esnal Olidenek, eta hiru boto zuri ere izan dira bozketan.

Lourdes Salsamendik udalbatzako kide nagusienak eman dio herriko aginte-makila Anuska Esnal Olideni, eta alkateak esker hitzak izan ditu alkate izateko babesa eta laguntza eman dioten guztientzat, "eskerrik asko bizitzan zehar gaur naizena izaten lagundu didaten guztiei". Historian zehar emakumeek herriari egin diote "ekarpen garrantzitsua" ere balioan jarri nahi izan du Orioko alkateak. "Udalbatzar aretoan ohituta gaude gizonezko irudiak ikusten eta seguru aski herriko memoria historikora joaten bagara, gizon izenez betetan egongo da. Seguru nago, ordea, herria norbaitek mantendu badu emakumeak izan direla, eta gogoan hartu nahi ditut azken ehun urtetan herria irauli duten emakume guztiak. Burura etortzen zaizkit ikastetxetan hasi ziren irakasle horiek, baita eskabetxerietan eta sarea josten lan egin duten emakume guztiak. Pixkanaka joan ziren herriko eragileetan sartzen: Talai Mendin, Ostargin, Salatxon... Gaur egun ere kirol elkarteak borborka ikusten ditugu neskaz beteta". Esnalek aipatu ditu baita ere udalgintzara salto egin zuten lehen emakumezko zinegotziak, eta baita herrian izan zen lehen emakumezko alkatea. "Horiei esker nago ni gaur hemen".

Horrez gain, EH Bilduren udal taldearekin bat egin duten kideak ere aipatu ditu Esnalek. "Makila hau denona da. Aipatu baita ere udalbatza osatuko duten EAJko kideek, elkarrekin egingo dugulako aurrera".

Datozen lau urteetarako asmoak ere hizpide izan ditu Esnalek kargu hartze ekitaldian. "Euskal identitatearen ikur handi bat da makila. Nik makila honen iruditeria ez nuke agintera eraman nahi, ordea, nahiko nuke ilusioz egina egotea, baita ere maitasunez landua, giza-eskubideak izatea ardatz eta duintasunez eramatea aurrera.  Nahi nuke herritarrak edozein zailtasunen aurrean udaletxera etortzea, hemen izango dutelako denon makila lagungarri. Makila hau oriotarren bidelagun izatea ere nahi dut, bizitzaren zailtasunetan udalak izan behar duelako herritarren bidelagun, eta batez ere lema, erabaki sendoak eta zailak hartzea tokatzen denean, denon artean har ditzagun".

Orioko alkateak gogoratu du makilak izaten duela konnotazio negatiboa ere, erabili izan delako arma bezala, "erabili delako zapalduak gero eta gehiago zapaltzeko". Berak zentzu hori aldatu nahi dio, ordea, "okerren daudenei laguntzeko eta desberdintasunak gainditzeko makila" izan dadin. "Uste dut hori guztia posible izango dela osatu dugun talde bikainarekin eta duela aste gutxi herritarrengandik jaso dugun babes eta maitasun amaigabearekin. Niretzat ohore handia da herri honetako alkate izatea", esanez amaitu du hitzartzea Anuska Esnal Oliden Orioko alkateak. 

Hona hemen udalbatza berria osatzeko ekitaldiaren bideoa:

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide