Eusko Label ligako azken estropada jokatu da gaur eguerdian Ibaizabalen. El Corte Ingles bandera zegoen jokoan gaurkoan. Eusko Label liga bezperan, larunbatean, erabaki zen Bermeon, Santurtzik lortutako garaipenarekin. Hori hala izanda ere, traineruek ahalik eta hobekien amaitzea zuten helburu, eta bandera lortzen bazuten, are eta hobe. Batzuk helburua lortu dute; besteek ez hainbeste.
Orio Ohorezko Txandan aritu da ligako irabazle Santurtzi, Hondarribia eta Donostiarrarekin batera. Azkar atera da San Nikolas trainerua, eta estropadako burua hartu du; Santurtzik bakarrik eutsi dio Orioren astinduari, eta Hondarribia eta Donostiarra hasieratik atzean geratu dira. Lehen ziabogan aurrena zen Orio, Santurtzirekiko traineru bateko aldearekin. Donostiarrak hamahiru segundora eman du buelta, eta hamalaura gaur kaskar aritu den Hondarribia.
Bueltako luzean Santurtzi azkarrago izan da, baina hirugarrengoan, burua hartu du berriro Oriok, eta bi segundoko aldearekin heldu da ziabogara. Azken luzean erabakiko zen bandera nork etxeratzen zuen: bezperan bezala Santurtzik lortuko ote zuen garaipena, edo Oriok, azkenean, denboraldiko lehen bandera eskuratuko zuen. Estropada eremua ezagutzen duelako edo, Santurtzik itzulerakoen berriro burua hartu du, eta bi segundoko aldearekin zeharkatu du helmuga. Orio bigarren izan da, hori bai, oso itxura ona emanda. Gaur pattal aritu diren Donostiarra eta Hondarribia seigarren eta zazpigarren izan dira estropadako sailkapenean.
Bai atzo bai gaur Donostiarraren aurretik geratu da Orio, eta postu bat aurreratu du ligako sailkapenean: hirugarren postuan amaitu du Eusko Label liga, Donostiarrarekiko puntu bateko aldearekin: 177 puntu gehitu ditu Oriok, eta 176 Donostiarrakek. Orioko gizonezkoen ontziak ez du aurten banderarik astintzerik izan, baina ligako podiumera igo da, hirugarren postuan.
El Corte Ingles bandera – Sailkapena
- 1. Santurtzi: 19:12,98
- 2. Orio: 19:15,10
- 3. Zierbena: 19:23,66
- 4. Bermeo Urdaibai: 19:23,94
- 5. Ondarroa: 19:30,52
- 6. Donostiarra: 19:42,86
- 7. Hondarribia: 19:58,66
- 8. Cabo da Cruz: 19:59,18
Eusko Label liga – Sailkapen orokorra
- 1. Santurtzi: 217
- 2. Hondarribia: 203
- 3. Orio: 177
- 4. Donostiarra: 176
- 5. Zierbena: 172
- 6. Urdaibai: 154
- 7. Ondarroa: 115
- 8. Cabo da Cruz: 102
- 9. Ares: 82
- 10. Lekittarra: 73
- 11. Tiran: 55
- 12. Zarautz: 44