Bosgarren sailkatu da Orio ligako azkenaurreko estropadan

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 18a, 20:15

Hirugarren izan da Ohorezko txandan, Donostiarraren aurretik. Ondorioz, puntu bat murriztu dio sailkapen orokorrean. Oriok laugarren jarraitzen du, eta hiru puntura du orain hirugarrena den Donostiako ontzia.

Eusko Label ligako azkenaurreko estropada jokatu dute gaur arratsaldean Bermeon, eta Orio ohorezko txandan lehiatu da, Santurtzi, Hondarribia eta Donostiarrarekin batera. Itsaso nahasia, haize ufadak eta, ondorioz, olatu harroak topatu dituzte ontziek, arraunean gozo egiteko batere egokiak ez diren baldintzak. Hala ere, oriotarrek hasiera txukuna egin dute, eta lehen ziaboga Santurtzirekin batera eman dute buruan.

Bigarren ziabogarako, ordea, bizkaitarrek aldeak handitzen joan dira, gainerako ontziak atzean utzita. Oriok bigarren postuagatik borrokatu nahi izan du Hondarribirekin, eta gertu izan du, baina azken luzean ihes egin dio eta hirugarren postuan sailkatu da; laugarren izan den Donostiarrari puntu bat jan dio. Tamalez, lehen txandan lehiatu diren Zierbenak eta Urdaibaik denbora hobea erregistratu dute, eta sailkapen nagusian bosgarrena izan da azkenean Orio.

Momentu honetan, laugarren jarraitzen dute sailkapen orokorrean Jon Salsamendiren mutilak, 166 punturekin. Hiru puntura dute hirugarren sailkatua den Donostiarra, eta, atzetik, Zierbena du lau puntura.

Sailkapena

  KLUBA   DENBORA ALDE    
1 SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO   21:25,78      
2 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA   21:28,04 00:02.26    
3 GO FIT HONDARRIBIA   21:32,92 00:07.14    
4 BERMEO URDAIBAI AVIA   21:36,10 00:10.32    
5 ORIO ORIALKI   21:44,22 00:18.44    
6 DONOSTIARRA AMENABAR   21:49,18 00:23.40    
7 ONDARROA CIKAUTXO   22:03,68 00:37.90    
8 CR CABO DA CRUZ   22:16,02 00:50.24    

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide