"Udaren balorazioa oso ona da arraun elkartearentzat"

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 18a, 11:00

Iosu Esnaola, Orio Arraunketa Elkarteko presidentea, pozik agertu da traineru denboraldiak eman duenarekin, eta elkartean uda ondo joan dela azaldu du, kirol zein kudeaketa arloan. 

Asteburu bakarra falta da traineru denboraldia bukatzeko. 
Orokorrean, uda oso ona izan da guretzat. Nesken trainerua espero bezala ibili da, eta garaipen ederrak lortu dituzte. Bi urtez nagusi ibili eta gero, aurkari handi bat izan dute aurten, eta psikologikoki, oso ondo kudeatu dute Arraun Lagunekin izandako borroka. Horrek meritu ikaragarria du; are handiagoa, taldea iaz baino gazteagoa izan dela kontuan izanez gero. Hiru estropalarik egin dute debuta. Denborarekin, are gehiago baloratuko da neskek aurten lortu dutena. 

Zer diozu mutilen lanaz?
Taldearen ezaugarriei erreparatuta, balio handia du aurten Ohorezko Txandan ibili izanak, onenekin borrokoan. Horrez gain, banderaren bat edo beste irabazteko aukera ere izan dute; zortea falta izan zaie estropadaren batean. Etxeko estropalariek izan dute presentziarik handiena traineruan, eta aurrera begira, horri eutsi behar diogu. Herrian ilusioa piztu du harrobiko arraunlariekin goi mailan aritzeak, eta hori bada nahikoa arrazoi denboraldia ontzat emateko. 

Eta bigarren txalupaz?
Aurten arraunlari kopuruz justu ibili gara gizonezkoen bi taldeetan, eta horrek eragina izan du B taldean. Oztopoak oztopo, lortu dute hasiera batean zaila zirudien helburua: KAE1 mailan mantendu dira, astebururo tripulazioan aldaketak egiteko ia aukerarik izan gabe. Bi jubenilek debutatu dute aurten traineruan, eta liga horretan dagoen maila altua kontuan izanik, meritu doblea dute. 

Zuzendaritzaren bigarren denboraldia izan da. 
Proiektu bat garatzeko asmoarekin sartu ginen, eta horretan jarraitzen dugu. Pandemia dela-eta, ez zaizkigu urte onenak tokatu, baina elkarte barruko antolaketari eta gauzatu nahi ditugun proiektuei dagokienez, koska bat gora egin dugula iruditzen zait. Izurritea arindu eta gauzak normaltzen doazen heinean, fruitu gehiago jasoko ditugula iruditzen zait. 

Zer helburu dituzue datozen bi urteei begira?
Bi helburu argi ditugu: batetik, goi mailan lehiakor izaten jarraitu nahi dugu, eta bestetik, indarra eman nahi diogu arraun eskolari. Aurtengo denboraldia abiapuntu ona izan daiteke. Gaztetxoen mailetatik datozen estropalariek elkartean baloratuak direla sentitu behar dute, eta Orion estropalari handien ibilbideak egin ditzaketela. Arraun eskolak hori bultzatu behar du. Momentu honetan erreferenteak diren arraunlariak jarri nahi ditugu gaztetxoekin lanean, haien eredu izan daitezen. 

Zerk kentzen dio loa Josu Esnaolari?
Kargua hartu nuenetik, gauza askok. Elkarte baten kudeaketan kanpo faktoreek eragin handia dute, eta gure esku ez dagoen hori kontrolatu ezin izatea kezka iturri izan ohi da. Bestalde, garai zailak dira enpresei eta erakundeei diru eske joateko, eta ahaztu gabe, eskerrak eman nahi dizkiet gure ondoan dauden guztiei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide