Biharko estropadarako "ilusio handiarekin"

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 11a, 09:47

Orioko neskak Kontxako Bandera irabazteko bi faboritoen artean daude. Mutilek Ohorezko Txandan egingo dute arraunean. Bihar 10:00etan hasiko da lehia.

Bihar jokatuko da Kontxako Estropaden bigarren jardunaldia, eta ohi bezala, antolatzaileek goizeko lehen orduan kale zozketa egingo dute, eta 10:00etan emango zaie hasiera estropadei.

Emakumezkoak izango dira estatxa askatzen lehenak. Bi txanda jokatuko dituzte, eta bigarrenean lehiatuko da Orio, lehengo igandean aurreneko postuetan sailkatutako traineruekin batera: Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia izango dituzte txanda berean oriotarrek. 


Banderaren lehian

Aurreko igandean bigarren postuan sailkatu zen Orio. Segundo eta erdiren bueltako tartea galdu zuen Arraun Lagunak taldearekiko, eta itxura guztien arabera, haien bien artean erabakiko da bandera.

Lehen jardunaldian, estropada bikainak egin zituzten bi taldeek. Oriok estropada-eremuko errekor berria ezarri zuen, aurreneko txanda irabazita. Bigarrenean, Arraun Lagunek oriotarrek jarritako marka hobetu zuen. Uda guztian ikusi den modura, estu daude gauzak bi txalupa faboritoen artean, eta estropada zirraragarria espero da.  


Mutilak ere, aurrean

Orioko gizonezkoen trainerua laugarren sailkatu zen lehen jardunaldian, eta igande honetan, Ohorezko Txandan egingo dute arraunean. Hasiera batean, Hondarribia eta Santurtzi dira bandera irabazteko faborito nagusiak; berdeek segundo eta erdiren bueltako aldea dute bizkaitarrekiko.

Zierbena da hirugarren, ia lau segundora, eta Oriok zortzi segundotik gorako tartea du Hondarribiarekiko. Bandera nahi baino urrutiago dute oriotarrek, baina askotan ikusi den modura, edozer gerta daiteke Kontxako bigarren igandean, eta Orioko estropalariek oraindik badituzte garaipena lortzeko aukerak. 


"Ilusio handia dugu"

Joan den astean egindako bi estropada "oso onetan" oinarrituz, Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak "konfiantza handia" du estropalariengan igandera begira. "Neskek ikaragarrizko estropada egin zuten. Azken bi urteetan dena irabazi eta gero, aurten aurkari handi bat agertu zaie, eta oso ondo ari dira kudeatzen Arraun Lagunekin duten borroka. Meritu handia dute.

Mutilen kasuan, lorpen handia da igandean Santurtzirengandik sei segundora sailkatu izana", azaldu du. Elkartean "ilusio handia" dute igandera begira, presidentearen hitzetan: "Atzo [osteguna] bi entrenatzaileekin hitz egin nuen, eta lasai daude. Izan ere, haien lana ondo eginda, edozeinen parean edo gainetik egoteko gai direla ikusi dute aurtengo denboraldian".

ARRAUN DENBORALDIAren webgune berezia ezagutzen? Ikusi hemen albisteak, argazkiak, bideoak eta gehiago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide