Bigarren txandan atera da lehiara Orioko gizonezkoen trainerua gaurkoan, eta bigarren joan da txanda osoan zehar. Oso estropada ona egin du Oriok, eta poparean asko estutu du Santurtzi. Segundo beraren barruan ibili dira une batez, baina ezin izan du alde hori mantendu, eta Sotera ontziaren uberan kokatuta, harengandik zazpi segundora helmugaratu da Orio. 19:14,82 denborarekin, lehen txandan atera den Donostiarrari ehunen gutxi batzuetako aldea atera dio Oriok, eta haien aurretik kokatu dira sailkapenean. Hori dela eta, Ohorezko Txandan aterako da Orio hilaren 11n, bandera erabakiko den egunean, Hondarribiarekin, Santurtzirekin eta Zierbenarekin batera.
Hondarribiak egin du gaur denborarik onena, baina Ama Guadalupekoari hiru segundoko zigorra ezarri dio epaileak behar baino lehenago abiatzeagatik. Lan bikaina egin badu ere, Santurtzirekiko duen aldea oso txikia da zigorra dela eta, beraz, lehia guztiz irekita egongo da datorren igandean, eta edozer gerta daiteke.
Hemen gaurko denborak:
- Hondarribia 19:06,32
- Santurtzi 19:08,06
- Zierbena 19:10,28
- Orio 19:14,82
- Donostiarra 19:15,42
- Urdaibai 19:23,4
- Cabo da Cruz 19:32,12