Arraunkera dotorearekin, estropada ederra egin dute Kontxako lehen jardunaldian Orioko emakumezko arraunlariek. Lehen txandan garaile izan dira 10:33,26 denbora eginda. Haize gutxirekin eta itsaso barearekin egin dute arraunean, eta errekor berria ezarri du Oriok, aurretik inork ez baitzituen Kontxako bi luzeak horren azkar burutu. Gutxi iraun die tituluak, ordea, bigarren txandan atera den Arraun Lagunak taldeak segundo bat gutxiagoan egin baititu lanak.
Beste behin erakutsi dute bai Oriok, bai Arraun Lagunakek gainontzekoak baino koska bat gorago daudela, eta lehiak bizi-bizi jarraitzen du. Oso gutxigatik, gehiago izan da Arraun Lagunak gaurkoan, baina ez dago ezer erabakita. Luze egingo zaie astea bi taldeei, datorren igandean erabakiko baita Kontxako Bandera norentzat izango den. Bigarren txandan aterako dira bi faboritoak, Donostiarrarekin eta Hondarribiarekin batera.
Hauek izan dira gaurko denborak:
- Arraun Lagunak 10:31.62
- Orio 10:33.26
- Donostiarra 10:40,24
- Hondarribia 10.44.82
- Tolosaldea 10:46,68
- Hibaika 10:49.16
- Deustu 10:55,26
- Chapela 10:58.74
Ikusle gutxik eduki dute estropada aurrez aurre ikusteko aukera Donostian, edukiera mugatu baitu antolakuntzak egungo osasun egoera dela medio. Dena den, joateko aukera izan duten gutxi horien artean asko izan dira oriotarrak, hainbat herritarrek ez baitute galdu nahi izan arraunlariei babesa bertatik bertara agertzeko beta. Ez dago ohiko festa girorik portu inguruan, ordea.