Ohorezko txandan ariko da Orio Eusko Label ligako azken estropadetan

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 29a, 15:12

Orioko trainerua, atzo Aresen. Argazkia: Aitor Arrizabalaga

Atzo lehen pausoa eman zuen, gaur bigarrena eta sendoagoa. San Nikolas Eusko Label ligako azken bi estropadetan ohorezko txandan lehiatuko da. Ligako lehen bandera ere hurbil izan du gaur Orioko traineruak. 

Eusko Label ligako sailkapeneko bosgarren postuan zen Orio asteburu honetan Galizian jokatutako bi estropaden aurretik, laugarren zen Zierbenarengandik puntu bakarrera. Liga bukatzeko falta diren estropada apurretan ohorezko txandan sartzea zuen Oriok helburu, baita lortu ere. Atzo Aresen jokatutako estropadan puntu bat jan zion Zierbenari, eta puntuetara berdinduta bukatu zuten eguna. Gaur, baina, kolpe ederra eman du, eta zazpi puntu atera dizkio Moañan. Hirugarren egin du Oriok XXXIX Bandeira Concello de Moaña estropadan, eta hamargarren Zierbenak.

Ez hori bakarrik: hurbil izan du bigarren txandan aritu den San Nikolasek ligako lehen bandera irabaztea. Joaneko bi luzeetan azkarragoa izan da Orio, eta ohorezko txandan aritu diren Santurtzi eta Hondarribiaren aurretik eman ditu ziabogak. Itzulerako luzeetan, baina, santurtziarrak hobeko moldatu dira, eta Oriok ateratako aldea jan bakarrik ez; aldea atera ere egin dio Soterak San Nikolasi. Azken luzean, gainera, Hondarribiak ere Oriok aurreko txandan egindako denbora ere hobetu du, eta bigarren sailkatu da Ama Guadalupekoa; Orio hirugarren izan da gaur, Santurtzirekiko sei segundora eta Hondarribia baino segundo eta erdi mantsoago. Aipatu behar da harrobiko bederatzi arraunlarirekin atera dela gaur San Nikolas lehiatzera. 

Sailkapen orokorrean laugarren postuan kokatu da Orioko trainerua, 158 punturekin. Asteburu honen bezperan aurretik zuen Zierbena orain zazpi puntura du atzetik, bosgarren postuan; Donostiarra da hirugarren, 162 punturekin. Lau puntuko aldea dagoen donostiarren eta oriotarren artean. Saiilkapeneko buruan Santurtzi da, 193 punturekin, eta bigarren da Hondarribia, 187 punturekin. 

Eusko Label ligak atsedena hartuko du orain. Datozen bi asteburuetan, iraileko bi igandetan, Kontxako Bandera izango da jokoan. Banderaren borrokan sartzea izango da orain Orioren helburua; aurretik, ostegunean, sailkatze estropada izango du, Donostian. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide