Zarauzko 44. Ikurrina jokoan zela, bigarren jardunaldia jokatu dute gaur Eusko Label ligako traineruek. Ohorezko txandan atera da Orio, eta Donostiarrarekin lehia bizia izan ondoren, laugarren gurutzatu du helmuga. Bigarren txanda irabazi duen Zierbena sartu da tartean eta, ondorioz, bosgarren postuan geratu da Orio sailkapen orokorrean. Hondarribiak eta Santurtzik erakustaldia eman dute berriro ere ohorezko txandan, eta pare-parean ibili dira bi traineruak lau luzeetan. Azkenean, Ama Guadalupekoa ontzia izan da azkarrena, eta bi estropadak irabazita, Hondarribiarentzat izan da bandera. Azken zazpi urteetan Hondarribiak bost aldiz eskuratu du Zarauzko titulu preziatua. Dena den, Santurtzik jarraitzen du Eusko Label ligan buru.
- Hondarribia 19:34,80
- Santurtzi 19:39,02
- Donostiarra 19:43,84
- Zierbena 19:44,46
- Orio-Orialki 19:45,60
- Bermeo Urdaibai 20:00,54
- Lekittarra 20:09,80
- Ondarroa 20:13,16
- Zarautz 20:18,62
- Cabo 20:21,52
- Tiran 20:34,42