Ohorezko txandarako sailkatu dira Orioko gizonezkoak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 10a, 19:43

Estropada dotorea egin dute Orioko mutilek gaur Kontxako uretan. Laugarren geratu dira sailkapen orokorrean, eta postu horretan dira oriotarrak Eusko Label ligako sailkapenean ere. 

Ohorezko txanda ikusgarriaren ondoren, Zierbenarentzat izan da gaurkoan Donostiarra Gaztela Mantxa bandera. Oriotarrek ere oso lan txukuna egin dute, eta bigarren izan dira beren txandan eta laugarren orotara, beraz, biharko estropadan ohorezko txandan aterako dira.

Bigarren txandan, laugarren kaletik atera dira Orio-Orialkiko arraunlariak gaurko Donostiako estropadan. Lehen luzean hautsi dute txanda Hondarribiak eta Oriok, Ondarroa eta Ares atzean utzita. Dena den, oriotarren aurretik ibili dira Hondarribikoak estropada osoan. Lan dotorea egin du Hondarribiak, eta Mirotzek ezin izan dituzte bost segundo baino gutxiagora estutu. Hala ere, oso estropada erregularra egin du Orio-Orialkik. Azkenean, Hondarribiagandik bost segundora helmugaratu dira oriotarrak, eta 29 eta 34 segundora bukatu dituzte lanak Aresek eta Ondarroak, hurrenez hurren.

Horrela dago une honetan Eusko Label ligako sailkapena:

1. Sotera Santurtzi 32 puntu
2. Arraun Zierbena 31 puntu
3. Hondarribia 27 puntu
4. Orio-Orialki 25 puntu
5. Donostiarra 25 puntu
6. Bermeo Urdaibai 23 puntu
7. Ares 17 puntu
8. Cabo 15 puntu
9. Ondarroa 13 puntu
10. Lekittarra 9 puntu
11. Zarautz 9 puntu
12. Tiran 8 puntu

Bihar goizean Zierbenan (Bizkaia) jokatuko dute Euskotren zein Eusko Label ligako arraunlariek denboraldiko hurrengo estropada.

KAE 1ekoak bederatzigarren

Maliañon (Kantabria) izan dira gaurkoan KAE1 ligako mutilak. 17:00etan ekin diete estropadei. Bigarren txandan aritu dira oriotarrak,  eta bigarren helmugaratu dira, txandaburu izan den Zumaia baino ia 3 segundo beranduago, 20:13,67 denbora egin baitute. Sailkapen orokorrean bederatzigarren izan dira oriotarrak, eta postu berean dira KAE 1 ligako sailkapenean, 28 punturekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide