Gaurkoan bai, Oriok erakutsi du bere indarra Coruñako uretan, eta hirugarren sailkatu da Eusko Label ligako bigarren jardunaldian, 20:49,64 denbora eginda. Bigarren tandan atera dira Orio Orialkiko mutilak, eta tanda irabaztea lortu dute, arraunean gogor eginda.
Hiru segundo azkarrago ibili da bigarrena, Santurtzi (20:46,88) eta irabazleak, Urdaibaik, hamar segundo atera dizkio Oriori (20: 39,18).
Lehia ikusgarria egon da taldeen artean, bandera azken-azken unean erabaki baita. Izan ere, Hondarribia nagusitu zen atzoko estropadan, eta bazirudien hark lortuko zuela bi jardunaldiak kontuan hartuta garaipena. Ordea, gaur ez da fin ibili –hamargarren helmugaratu da 21:05,88 denbora eginda–, eta Urdaibaik lortu du gaurko estropada irabaztea. Bandera, berriz, Santurtzira joan da.
Sailkapen orokorrean ere, estropadarik irabazi ez duen taldea jarri da buru, Santurtzi, bigarren eginda bai atzo, bai gaur.
SAILKAPEN OROKORRA
1. | SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO | 22 |
---|---|---|
2. | ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA | 19 |
3. | DONOSTIARRA AMENABAR | 17 |
4. | BERMEO URDAIBAI AVIA | 16 |
5. | ORIO ORIALKI | 16 |
6. | GO FIT HONDARRIBIA | 15 |
7. | CLUB DE REMO DE ARES | 12 |
8. | ONDARROA CIKAUTXO | 9 |
9. | CR CABO DA CRUZ | 9 |
10. | ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN | 8 |
11. | LEKITTARRA ELECNOR | 7 |
12. | SD TIRÁN PEREIRA | 6 |