Oriok atzoko emaitza irauli, eta bandera etxeratzea lortu du Euskotren ligako bigarren jardunaldian, Coruñan. Estropada amaitu berritan, Euskadi Irratian egin ditu adierazpenak Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak.
Esnaolak azaldu du denboraldi honetan "lehia oso-oso gogorra" egongo dela; "ona da hori, hala izan dadila", gaineratu du. "Ikusi besterik ez dago eremu berean jokatutako bi estropaden artean zer alde egon den traineruen artean".
Lehiak lehia eta emaitzak emaitza, Esnaolak azpimarratu du garrantzitsua dela "proiektua bere osotasunean ikustea", Orioko emakumezkoen traineruari erreferentzia eginez: "Aurten arraunlari dezente galdu ditugu, eta berriak dira batzuk; batek atzo debutatu zuen, beste batek gaur, bi arraunlari ere falta ziren asteburu honetan hainbat arazogatik... dena baloratu behar da", esan du.