Atzo hasi ziren Euskotren eta Eusko Label ligak Galiziako uretan, IV. Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldiarekin, eta aurreko bi urteetan ez bezala, hirugarren sailkatu ziren Orioko neskak estreinako lehian. Mutilen kasuan, zazpigarren sailkatu ziren –aurreko urtean laugarren sailkatu ziren–.
Emakumezkoek oso estropada lehiakorra izan zuten, eta oriotarrak ondo hasi baziren ere, pixkanaka-pixkanaka segundoak galdu zituzten. Ziabogara iritsi aurretik lehia oso estua izan zuen Arraun Lagunarekin, baina poparean ezin izan zion aurre hartu, eta 11:31,36koarekin sailkatu zen Orio.
Lehenengo postua Arraun Lagunak lortu zuen, 11:25;88ko denbora eginda, eta bigarren sailkatu zen Donostiarra, ia bi segundoko tartearekin (11:27,86). Estropada osoan atzetik joanda, 31 segundoko aldearekin sailkatu zen Hondarribia.
Orioko neskek adierazi zutenez, "haize gogorra" izan zen hasieran etsai beraientzat, eta gero "errekuperatzea" lortu bazuten ere, ez zituzten "gustuko" emaitzak lortu. Hala ere, gaurko estropadan "hobetzea" espero dute.
Gizonezkoen kasuan, emaitzak ere ez ziren nahi bezalakoak izan. Ares, Lekeitio eta Santurtzirekin lehiatu ziren euren txandan, eta hasieran azken horrekin tinko lehiatu baziren ere, ihes egin zien gero Gorka Aranberriren taldeak, eta Aresekin neurtu behar izan zituzten oriotarrek indarrak amaieran. Beren txandan bigarren sailkatzea lortu bazuten ere, sailkapen orokorrari dagokionez zazpigarren postuan amaitu zuten 20:55;80ko denborarekin.
Hondarribia sailkatu zen lehenengo postuan, 20:16;56ko denbora lortuta, bigarren Santurtzi, 20:30;72rekin, eta hirugarren Zierbena, 20:40;62ko denbora lortuta.
Gizonezkoen taldeak adierazi zuenez, emaitzak nahi bezalakoak izan ez badira ere, "taldearen sentsazioak ez dira hain txarrak izan", eta horren aurrean "borrokan" jarraituko dutela jakinarazi zuten.