Atzokoarekin zerikusi gutxi zuen baldintza aldetik arraunlariek gaur topatu duten estropada eremuak. Itsaso barearekin eta haize gutxi zebilela egin dute arraunean bigarren txandan, Ares, Ondarroa eta Kaiku aurkari zituztela. Txanda hasieratik nagusitu dira oriotarrak, eta estuasunik gabe gailendu zaizkie beste hiru traineruei. Ohorezko txandan Santurtzi aurkari zuzena nagusitu da ordea, eta sailkapen orokorrean Oriok Soterarekiko zuen aldea handitu da orain: 114 punturekin lider da Santurtzi, eta Oriok bigarren jarraitzen du, oraingoan, bost puntu gutxiagorekin. Atzetik da Hondarribia, bi puntu gutxiagorekin.
Zarauzko Ikurrinari dagokionez, Hondarribiarena izan da garaipena. Atzoko garaipenarekin nahikoa bideratuta utzi zuten lorpena, eta gaur ez dute hutsik egin. Orio, berriz, seigarren izan da gaurko estropadako sailkapenean. Santurtzin jokatuko da Eusko Label ligako hurrengo estropada; une gozoan iritsiko da Sotera etxeko bandera lortzeko lehiara.