Orioko gizonezkoak bigarren izan dira Espainiako Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 2a, 18:01

Argazkia: @Eibar1967

Zierbenak hasiera-hasieratik hautsi du estropada, lehen luzean, eta buru jarri da erritmo bizia jarrita. Ondorioz, Euskadiko Txapelketako lorpena berretsi du gaur arratsaldean Pedreñan (Kantabria, Espainia) jokatu den Espainiako Traineru Txapelketako finalean.

Oriok eta Santurtzik eutsi nahi izan diote Zierbenak jarritako hasiera biziari; Pedreña, aldiz, berehala geratu da atzean. Luzeak egiten joan ahala, Oriok lauzpabost segundoko aldearekin eutsi dio talde bizkaitarrari, lan benetan txukuna eginez; Santurtzi, bien bitartean, segundoak galtzen joan da pixkanaka-pixkanaka. Egindako ahalegin guztiak ez dira nahikoak izan aldeak murrizteko, eta, azkenean, Zierbenak sekulako erakustaldia eginda, Espainiako txapeldun izan da. Oriok zilarra bereganatu du, eta brontzea Santurtzirentzat izan da.

Oriok estropada oso serioa jokatu du, laugarren kaletik, baina Orio Arraunketa Elkarteko presidente Iosu Esnaola ez da gustura agertu ETBri eginiko adierazpenetan, inguruko ontziak gainera sartu zaizkielako beraien lana eragozten eta hirugarren luzean Zierbena beraien kalera sartu delako. Gorka Aranberri patroia zapore gazi-gozoarekin geratu da, izan ere, estropada ona egin dutela dio, baina bigarren bukatzea tokatu zaiela nabarmendu du.

SAILKAPENA
1. Zierbena 19:45,74
2. Orio 19:50,45
3. Santurtzi 20:16,93
4. Pedreña 20:36,70

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide