Liga esku-eskura du Oriok gaurko garaipenarekin

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 26a, 12:04

Oriotarrak, artxiboko irudian

Lekeition estropada gogorra jokatu dute Euskotren ligan, lehia bizia eduki dutelako lehen luzean. Bueltakoan Oriok ondo asmatu du, eta lau segundo atera dizkio Donostiarrari. 

Euskotren liga azken txanpan sartuta da, guztira hamabi estropada direlako aurten, eta gaurkoan zortzigarrena jokatu dutelako Lekeitioko uretan. Xanti Zabaleta oriotarren entrenatzaileak gaur ere errotatu egin ditu arraunlariak, eta maila ona eman dute beste behin, estropada irabazita. Liga bideratuta dute, beraz, oriotarrek.

Aurreneko ziaboga pare-parean hartu dute Oriok eta Donostiarrak. Oriok olatua hartu du, eta aurretik jarri da. Oso parean ibili dira une batzuetan, baina kilometro erdiren faltan, lau segundoko aldea ateratzen hasi da. Zazpi segundora ere jarri dira, eta azkenean, 10:50,76 denbora egin du. Lau segundora iritsi da Donostiarra, eta oso atzetik Hondarribia.

Nadeth Agirre patroiak, lehia hasi aurretik, azaldu du atzoko eta gaurko estropadek ez dutela zerikusirik: "Atzo errioan aritu ginen, eta gaur beste eremu bat da, itsasoan. Nik uste dut gaur denok hutsetik hasiko garela. Gu igandeetako ratxa haustera joango gara,  iaz hemen estropada bat gelditu zen irabazi gabe, eta ea gaur lortzen dugun".

Iosu Esnaolak, estropada amaitutakoan egin ditu adierazpenak: "Aurreneko zazpi minutuak gogorrak joan dira, baina gero errenta hartu du, eta estropada eta asteburu bikaina egin dugu. Zer gehiago eskatu behar dugu?".

Maialen Aizpuru arraunlariak, berriz, esan du "gogorra" joan dela, "bueltan ia palek elkar jo dutelako, baina ondo amaitu da, eta pozik. Pare bat asteburu generamatzan igandeetan bandera irabazi gabe, eta helburu hori jarri genion geure buruari".

IX. Euskotren Bandera

  • 1. Orio: 10:50,76
  • 2. Donostiarra: 10:54,70
  • 3. Hondarribia: 11:15,28

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide