Atzo Bilbon oriotarrek– neskek zein mutilek– egindako lanarekin oso gustura da Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentea. "Neskek hasieratik hartu zuten aurrea eta kristoren estropada egin zuten. Gainera, Ane Arrutiren lehen bandera izan zen, errotazioak egon ziren... Oso-oso ondo". Mutilek ere ondo baino hobeto hasi zuten estropada: "Hamargarren minutura arte denak segundo baten tartean sartuta zeuden, eta azken luzean Urdaibaik ihes egin zuen, baina ordura arte sekulako estropada egin genuen,beraz, oso-oso gustura gaude".
Puntu aldetik, gaurko estropada garrantzitsua da oriotarrentzat. "Neskek gaur irabaziz gero, liga oso-oso garbi jarriko litzateke gure alde, eta ea zer gertatzen den, itsaso zabalean dena delako desberdina. Mutilei dagokienez, berdin. Gaur bata bestearen ondoan izango dira, eta nik uste dut horrela neurtu behar direla indarrak". Kaleetan beti egoten dira gorabeherak, eta inork ezin jakin aurrez horrek zenbateko eragina edukiko duen. Goizean haize pixka bat zebilela azaldu du Esnaolak, baina eguerdian ikusi behar nola dagoen itsasoa, eta kale bakoitza.
Neskei lehen kalea egokitu zaie, eta mutilei, berriz, laugarrena.
Animoz eta ilusioz
Mutilak bigarren dira sailkapen nagusian, baina gertu-gertu dute Urdaibai atzoko garaipenaren ondoren. Esnaolak, ordea, garrantzia ematen dio denboraldi osoan oriotarrak erakusten ari direnari. "Astero-astero lehiakor gabiltza, eta hori da inportanteena, gaur ez bada bihar, eroriko delako bandera bat; hori da daukagun gauzarik politena".
Animoz ere ondo daudela azaldu du. "Goizean egon gara mutilekin, eta ilusioz esnatu dira. Egun batean gelditu ginen atzean, beste guztietan onenekin lehiatzen aritu gara eta segundo gutxitan ibili gara, eta horrela zaudenean animoak goian egoten dira, edozein momentutan, errotazioekin gainera, iritsi daitekeelako garaipena".